Aretxabaletako udalak langileentzako jazarpen protokoloa sortu du
Aretxabaletako Udalak jazarpen protokoloa sortu du udal langileentzako. Iaz, Berdintasunerako Barne Plana egin zen, eta bertan, honelako protokolo baten beharra zegoela ikusi zenez, horren eraketari ekin zitzaion.
Protokolo honen bidez Aretxabaletako Udalak konpromiso bikoitza hartzen du: batetik, sexu-jazarpen eta sexuagatiko jazarpenen inguruko erreklamazio zein salaketei erantzuteko prozedura bat arautu eta berme guztiekin aplikatzeko konpromisoa; eta bestetik, udal langileei prestakuntza eta informazioa emateko konpromisoa, guztiak jabetu daitezen giza eskubideak errespetatu egin behar direla.
Protokolo hau martxan jartzeko momentuan printzipio eta berme batzuk hartu behar dira kontuan: azkartasun-printzipioa; datuen konfidentzialtasunaren eta babesaren printzipioa; pertsonen intimitatea eta duintasuna babesteko printzipioa; segurtasun juridikoaren, inpartzialtasunaren eta inplikatutako pertsona guztien defentsa-eskubidearen printzipioak; kaltegabetasun-bermea; lankidetza printzipioa; prestakuntza jaso duten pertsonei laguntzeko printzipioa; sinesgarritasunaren eta berriz ez biktimizatzearen printzipioa, eta lan-ingurumenean biktima erreparatzeko printzipioa.
Era berean, protokoloaren helburua da udal langile guztiek jakitea salatzerako orduan nora jo behar duten, eta horretarako, aholkularitza konfidentzial bat sortu da, email eta telefono zehatz bat dituena.
Protokolo hau ekintzara bideratutako gida-lerro bat izateaz gain, sentsibilizaziorako ere erraminta baliagarria da, eta azken helburua Aretxabaleta berdinzaleagoa eraikitzea izanik, bat egiten du herrian garatzen ari diren beste prozesu batzuekin, adibidez Berdintasun Planarekin, edo Txoko Feministaren sortze prozesuarekin.