Aretxabaletako Udalak gogorarazi nahi du aurten ere ez dela Andramaixetako jairik izango, eta bide batez, zentzuz jokatzeko eskatzen die herritarrei

2021/08/12

Aretxabaletako Udal Gobernuak Andramaixetako jaiak bertan behera geratu direla gogorarazten du, eta herritarrei eskatzen die zentzuz eta arduraz jokatzen jarraitzeko, eta koronabirusaren aurkako osasun neurriak betetzeko.

“Tamalez, bigarren urtez jarraian, ezin dira Andramaixak ospatu. Guztion gogoa da elkartzea eta jaiak behar den bezala ospatzea, baina zoritxarrez egoerak oraindik ez du bermatzen segurtasunez egin ahal izatea. Egoera hau luzea eta gogorra izaten ari da, baina beharrezkoa da zuhurtasunez jokatzen jarraitzea, orain arte lortutakoa alferrikakoa izan ez dadin. Ezin gara erlaxatu birusak gure artean indartsu jarraitzen duen bitartean”, azpimarratu du Udal Gobernuak.

Panorama honen aurrean, Udal Gobernuak "erantzukizuna, zentzutasuna eta konpromiso indibidual zein kolektiboa" eskatu du, indarrean dauden prebentzio arauak uneoro errespetatzeko. Pilaketak ekidin behar direla eta kalean edatea debekatuta dagoela ere gogorarazten du.

Aldi berean, inguruko herrietako biztanleei egun horietan Aretxabaletara ez gerturatzeko eskaera egiten die, jende pilaketak eta ospakizun alternatiboak ekidite aldera.

"Espero dugu 2022an jaiez gozatu ahal izatea", gaineratu du Udal Gobernuak.

Bukatzeko, Udal Gobernuak azpimarratu nahi du jaietako ohiko programazioa bertan behera geratu bada ere, horren ordez hainbat ekintza kultural prestatu direla, ekaina eta uztailean kalean egin direnen tankerakoak. Guztiak formatu txikikoak izango dira eta indarrean jarraitzen duten segurtasun neurriak mantenduta egingo dira (edukiera mugatua, maskarak, distantziak…).

EGITARAUA:

1.-Musika:

  • ABUZTUAK 14 (Herriko plazan, 13:00etan). Gerard Morenok, Jordi Margalefek eta Pere Domenechek osatzen duten Habana Vieja taldearen kontzertua.
  • ABUZTUAK 14 (Herriko plazan, 20:00etan). Ainhoa Egiguren (ahotsa), Sergio Villar (gitarra), Manu Gestido (baxua) eta Gustavo Gonzalez (bateria) dira Noa & The Hell Drinkers blues eta rock talde donostiarraren kideak.
  •  ABUZTUAK 15. Nafarroako Milagro herriko udal musika banda (Herriko plazan, 13:00etan).
  • ABUZTUAK 15. Golden Apple Quartet laukote donostiarra (Herriko plazan, 20:00etan).
  • ABUZTUAK 16. Arantza eta Pantxoren kontzertua. (Herriko plazan, 20:00etan).

2.- Familientzako ikuskizunak:

  • ABUZTUAK 14. Erre Produkzioak konpainiaren Magi Klown 2 ikuskizuna. (Kurtzebarri Eskolako kantxan, 18:00etan).
  • ABUZTUAK 15. Eriz Magoa. (Kurtzebarri Eskolako kantxan, 18:00etan).

3. Nerabeei eta haurrei zuzendutako ekintzak:

  • ABUZTUAK 14: Gazteen break dance lehiaketa, rap kontzertua eta dantza erakustaldia (Arlutzeko kantxan, 18:30ean).
  • ABUZTUAK 16: Jolas tradizionalak eta herri kirolak Kulki proiektuaren eskutik (Arlutzeko kantxan, 18:00etan)

4.  Leintz Bailarako 82. Txirrindulari lasterketa. UDAk antolatuta. Abuztuaren 16an izango da, 10:00etatik aurrera. Txirrindulariek 43,3 kilometroko ibilbidea beteko dute.