Aretxabaletako Udalak enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko dirulaguntzak indartzen ditu

2026/07/03

Aretxabaletako Udalak 2026rako udal aurrekontuetan jasotzen du udal interesekotzat jotzen diren hainbat arlo eta diziplinatan garatzen diren ekintzak laguntzeko dirulaguntzak ematea. Horien artean, udalak jarduera ekonomikoaren sustapenarekin lotutako hiru lerro nabarmendu nahi izan ditu: enpresa ekimen berriei zuzendutako dirulaguntzak, kontratazio berriei zuzendutakoak, eta lehen sektorea indartzeko laguntzak. Hiru deialdiak 2026ko azaroaren 30era arte egongo dira zabalik, salbu eta esleitutako aurrekontu poltsa lehenago agortzen bada, eskaerak aurkeztu ahala ebaluatu eta dirulaguntzak bideratzen baitira.

Enpresa ekimen berriei zuzendutako dirulaguntzak

Deialdi honen helburua da Aretxabaletan martxan jartzen diren enpresa ekimen berrien sorrerarako dirulaguntzak bideratzea, eta baita herrian dauden negozioen jarraipena errazteko ere. 10 langile baino gutxiagoko forma juridiko ezberdinetako enpresek eta pertsonek eska dezakete laguntza hau, baldin eta Aretxabaletan jarduera berri bat sustatzen badute edo, eskualdaketa bidez, lehendik dagoen jarduera bati jarraipena ematen badiote, 2024ko urtarrilaren 1a eta 2026ko azaroaren 30a bitartean Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda, eta gutxienez hiru urtez herrian egoitza mantentzeko konpromisoa hartuta.

Laguntzak bi modalitate ditu: hasierako inbertsioaren %20aren dirulaguntza (obrak, altzariak, informatika-ekipoak, web orriaren diseinua, eraketa-gastuak, eta abar), 6.000 euroko mugarekin; eta lokalaren alokairurako laguntza, bigarren urtez segidan diruz lagundu daitekeen gastu gisa mantentzen den nobedadea. Alokairu-laguntza honek bi urtez irauten du gehienez: lehen urtean hileko kuotaren %50a (gehienez 300 €/hilean) eta bigarrenean %40a (gehienez 200 €/hilean). Lerro honetarako aurrekontua 30.000 eurokoa da inbertsioetarako eta 10.000 eurokoa alokairuetarako.

Kontratazio berriei zuzendutako dirulaguntzak

Deialdi honen helburua Aretxabaletan jarduera duten enpresei egindako kontratazio berriengatik dirulaguntzak bideratzea da. 50 langile edo gutxiagoko enpresek, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduek, eta autonomo gisa lan egiten duten profesionalek eska dezakete, beti ere Aretxabaletan jarduera badute. Kontratatutako pertsonek Aretxabaletan erroldatuta egon behar dute. Zenbatekoak honako hauek dira: 2.000 euro jardunaldi osoko kontratu mugagabeko bakoitzeko, eta 1.000 euro gutxienez sei hilabeteko kontratu osoko bakoitzeko (jardunaldi partzialaren kasuan, proportzionalki, betiere %50etik gorakoa bada).

Kopuru horiei %15 gehitzen zaie kontratatutako pertsona denbora luzez langabezian egon bada, emakumea bada, 45 urtetik gorakoa bada, gutxienez %33ko desgaitasuna badu edo gizarteratze programaren batean parte hartzen badu. Enpresa bakoitzak gehienez bi kontratazio aurkeztu ditzake urtean, eta laguntzaren muga 4.000 eurokoa da enpresako. Programa honetarako aurrekontua 5.000 eurokoa da.

Lehen sektorea indartzeko dirulaguntzak

Dirulaguntza lerro honen helburu nagusia lehen sektorea sustatu eta indartzea da. Gobernu taldeak iaz jarri zuen martxan, Aretxabaletako nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen inguruko ekimenak eta jarduerak bultzatzeko, eta 2026an laguntza-lerro berberekin jarraitzen du. Aretxabaletan ustiategia duten baserritar, abeltzain eta lehen sektoreko enpresei laguntzea du xede. Honako hauek hartzen ditu barne: inbertsioetarako eta ustiategien hobekuntzarako dirulaguntzak (gastuaren %50a, gehienez 1.000 €, eta %20ko gehikuntza ekoizpen ekologikoa, 41 urte baino gutxiagoko nekazari gazteak edo emakumezko titularrak diren kasuetan); hildako animalien kudeaketarako laguntzak (%100, gehienez 1.000 €); bazka eta pentsuaren prezio altuei aurre egiteko laguntzak (%15, gehienez 1.000 €); albaitaritza zerbitzuko gastuetarako laguntzak (%50, gehienez 1.000 €); eta Aretxabaletako nekazal produktuen kontsumoa bultzatzeko ekintzetarako laguntzak (%50, gehienez 1.000 €). Ustiategi bakoitzak gehienez 1.500 euro jaso ditzake. Lerro honetarako esleitutako aurrekontua 6.000 eurokoa da.

Nola eskatu

Eskaera guztiak telematikoki aurkeztu behar dira udalaren egoitza elektronikoaren bidez (www.aretxabaleta.eus), oinarrietan eskatzen den dokumentazio orokorrarekin batera (erantzukizunpeko adierazpena, jarduera edo proiektuaren memoria, aurrekontua, banku-datuak, eta abar) eta lerro bakoitzaren dokumentazio espezifikoarekin. Oinarri osoak, baldintza, balorazio-irizpide eta justifikazio-epe guztiekin, Aretxabaletako Udalaren 2026ko dirulaguntza deialdian daude argitaratuta. Hemen

Udalak gonbidatzen ditu laguntza hauen onuradun izan litezkeen pertsona eta negozio guztiak udalaren web orria bisitatzera edo Garapen Ekonomikoko udal zerbitzura telefonoz jotzera, zalantzak argitu eta eskaera izapidetzeko.