Aretxabaletako Udalak edukiontzien erretzeak gaitzetsi ditu eta egoera honi aurre egiteko herriko baliabide komunitario guztiak aktibatzen saiatuko da
Urte honetan zehar, Aretxabaletak 15 edukiontzi-sute jasan ditu, guztira 53 edukiontzi erre direlarik. Horrez gain, kalteak eragin dituzte espaloietan, errepideetan, edukiontzien euskarrietan, zuhaitzetan eta argiteria publikoan, eta arriskua sortu dute inguruko ibilgailu eta etxebizitzentzat.
Suteak hainbat momentutan gertatu dira, astegunetan zein asteburuetan. Egoera horrek haserrea, ezintasuna eta segurtasun falta eragin ditu herritarren artean, eta Udal Gobernuak ere partekatzen du.
Udalak gaitzespen irmoena adierazi nahi du zentzugabeko ekintza hauen aurrean, gure herriaren bizikidetzaren aurka egiten dutelako eta zuzenean kalte egiten diotelako Aretxabaletako herritarrei. Izan ere, ondasun komunak kaltetzeaz gain, herritarren beharretarako zerbitzu publikoek dituzten baliabideak murrizten dituzte. Adibidez, azken bost urteetan edukiontziak erretzeak izan duen kostuarekin Andramari eta San Migel jaiak antolatu ahal izango lirateke, ia sei hilabeteko etxez etxeko arreta-zerbitzua eskaini (6.000 ordu), kirol kluben diru-laguntzak bi urtez finantzatu edo sei hilabeteko kale-garbiketa ordaindu.
Hasieratik, Udalak bere baliabide guztiak martxan jarri ditu, nahiz eta mugatuak izan, eta etengabeko lankidetza mantentzen du Ertzaintzarekin, Aretxabaletako segurtasun publikoaren arduradun baita ekintza hauek gertatu diren uneetan. Udalak lanean jarraituko du, eskuragarri dauden zerbitzu guztien koordinazioa sustatuz egoera honi amaiera emateko.
Udalak azpimarratu nahi du ekintza hauek Aretxabaletaren eta herritarren aurka egiten dutela, eta horiei aurre egiteko ezinbestekoa dela komunitate osoaren lankidetza.