ARETXABALETAKO UDALA BERDINTASUNERAKO III. PLANA SORTZEN ARI DA

2025/05/30

Aretxabaletako Udalak dagoeneko 15 urteko ibilbidea egin du berdintasun-politikak garatzen, eta bere lehen berdintasun-plana egin zuenetik, ekimen eta proiektu ugari sortu ditu eremu horretan, batez ere azkenaldian (Txoko Feministaren partaidetzaprozesua, Jabetze Eskola, LGTBI+ diagnostikoa...). Indarrean egon den azken planaren bitartez –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana–, aurrerapausoak eman dira Aretxabaleta berdinzaleagoa lortzeko, baina orain, plan hori ebaluatu eta berria sortzeko unea iritsi da, eta horretarako parte-hartze prozesu bat jarri du martxan Udalak. Parte-hartze prozesu horren helburua ahalik eta informazio gehien biltzea da, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan herritarrek dituzten beharrak identifikatu eta Udalaren egoera ezagutzeko. Asmo horrekin, hainbat lan-saio egingo dira udal-sailekin eta zenbait mekanismo jarriko dira abian (galdetegi bat eta eztabaidataldeak) herritarrek parte har dezaten. Izan ere, euren parte-hartzea ezinbestekoa da hurrengo berdintasun-plana gure herriaren errealitatera ahalik eta gehien egokitu ahal izateko.