Aretxabaletako POBA proiektua nazioarteko kongresuan aurkeztu genuen asteazkenean.

2026/06/19

Aretxabaleta presente izan da Donostian egin den Adinekoentzako Hiri eta Komunitate Lagunkoien III. Mundu Kongresuan, mundu osoko adituen, erakundeen eta tokiko esperientzien topagune garrantzitsuan.

Kongresuaren baitan, Gipuzkoako tokiko zaintza ekosistemen esperientzien artean, Aretxabaletako POBA proiektua aurkeztu da. Ekimen honen helburua da adineko pertsonen autonomia sustatzea eta mendekotasun egoerak ahalik eta gehien atzeratzea, prebentzioan eta ongizate integralean oinarritutako lanaren bidez.

POBA proiektuan osasun arloko, gizarte arloko eta komunitateko eragileek elkarlanean jarduten dute, pertsonak erdigunean jarriz. Horretarako, alderdi fisiko eta sanitarioez gain, gaitasun kognitiboak, ongizate emozionala eta harreman sozialak ere lantzen dira, bizi-kalitate hobea sustatzeko.

Nazioarteko kongresu honetan parte hartzeak aukera eman du Aretxabaletan garatzen ari den esperientzia partekatzeko eta beste herrialde eta lurralde batzuetako ekimen berritzaileak ezagutzeko. Era berean, gure herrian adinekoen ongizatea, autonomia eta komunitatearen indarra sustatzeko egiten ari den lanaren aitortza ere bada.

Aretxabaletak pertsonak erdigunean jartzen dituen komunitate lagunkoiago eta zaintzaileago baten alde lanean jarraitzen du.