Aretxabaletako komertzioak bultzatzeko bonu kanpaina abian jarriko da azaroaren 24tik aurrera

2025/11/20
Aretxabaletako Udalak eta Aretxarte Merkatari Elkarteak tokiko merkataritza sustatzeko neguko bonu kanpaina jarriko dute martxan azaroaren 24an.

Ekimenaren helburua da herritarren kontsumoa bertako dendetara bideratzea, erosahalmena handitu eta herriko ekonomiari bultzada emanez.

Kanpainaren bidez, aretxabaletarrek 30 euro ordainduta 50 euroko balioa izango duen bonu-sorta eskuratu ahal izango dute. Horrela, erosleek 20 euroko aurrezkia lortuko dute sorta bakoitzean, eta deskontua zuzenean aplikatu ahal izango da kanpainara atxikitzen diren Aretxabaletako establezimenduetan.

Arkupe Kultur Etxean salgai

Bonuak Arkupe Kultur Etxean jarriko dira salgai, eta Aretxarte Merkatari Elkartea arduratuko da haien salmentaz eta kudeaketaz. Bonu sorta bakoitzak honako txartelak izango ditu:

  • 2 bonu, 5 eurokoak
  • 2 bonu, 10 eurokoak
  • 1 bonu, 20 eurokoa

Guztira, 50 euroko balioa duten bonuez osatuta egongo da kanpaina. Aurreko kanpainan bezala, oraingo honetan ere, 875 bonu sorta egongo dira herritarren eskura.

Udalak eta merkatari elkarteak herritarrei gonbita luzatu diete ekimen honetan parte hartzera, “herriko komertzioen aldeko apustua egitea herri osorako onura” dela nabarmenduz.