Aretxabaletako ikasleak Garapen Iraunkorreko Helburuen lanketan murgilduko dira Eskolako Agenda 2030 programari esker

2020/11/10

XXI. mende honetan geroz eta nabarmenagoa da bakoitza jaio edo bizi den toki eta errealitatearen arabera bizitza duin eta jasangarri bat izateko aukerak oso ezberdinak direla, are gehiago, etorkizuneko belaunaldien bizirautea bermatzeko berandu baina lehen gauzak aldatzeko beharra ere nabarmen geratzen ari da. 

 Nazio Batuen Erakundeak 2015.urtean aurkezturiko Garapen Iraunkorrerako Helburuen inguruan jardungo da aurtengo ikasturtean Aretxabaletako Eskolako Agenda 2030 egitasmoan. GIH-en testuinguruan zehazturik 17+1 helburuak iraunkortasunera bidean pausoak emateko baliatuko dituzte, helburu bakoitzaren inguruko irakurketa “ikastetxe iraunkorrak, herri iraunkor batean” lelopean kokatuaz eta 11.helburuan indarra jarriaz. 11.helburuak “egoera berritik, iraunkortasunera” lantzen ditu eta hobekuntzak bilatzeko baliatuko dute, etorkizuneko belaunaldien bizirautea bermatu eta ziurtatzeko asmoz. 

 Aurtengo ikasturtea berezia eta aldrebesa izango denez pandemiaren ondorioz, berritasun batzuk proposatu ditu ARAZIko lantaldeak, beti ere programako partaide diren irakasle zein ikasleen jarduna errazteko asmoz. Zentzu horretan, udalerriko diagnostikoa egin eta egoera hobetzeko proposamenak egin ahal izateko, Araziko lantaldeak webgune bat aurkeztu die partaideei bizitzea tokatu zaigun egoera ezberdinen aurrean, programari eutsi eta lana ahalbidetzeko asmoz. Bertan aurkituko dituzte senide, irakasle eta ikasleek beharrezko baliabide eta material guztiak. 

 Herriko hiru eskolatako ikasleek hartuko dute parte 2020-2021 ikasturteko Eskolako Agenda 2030 egitasmoan: Kurtzebarri Ikastetxea, Kurtzebarri Institutua eta Aretxabaletako Lanbide Eskola. Hala, adin ezberdinetako gazteek, kasuan kasu dagokion mailari egokituriko azterketa burutuko dute, guztien artean herriko diagnostiko borobila osatuko dutelarik.

 Zein errealitate bizi dugu Aretxabaletan? Beste errealitate batzuekin alderatuaz, zer egin dezakegu egoera hobetzeko? Zein pauso eman ditzakegu Aretxabaleta herri iraunkor bat izan dadin? Besteak beste galdera horiei erantzunez, garapen iraunkorraren kontzeptua landu eta iraunkortasunaren bidean aurrera egiteko urratsak emango dituzte Aretxabaletako gazteek.

 Garapen Iraunkorrerako Helburu ezberdinen inguruko herri diagnostikoan topaturiko gorabehera guztien berri emateaz gain, antzemandako gabeziak zuzentzeko proposamenak ere luzatuko dizkiete ikasle ordezkariek Aretxabaletako udal ordezkariei. Hori maiatzean izango da, hartara bereziki antolaturiko udalbatzarrean.