Aretxabaletako Gabonetako Erakusleiho lehiaketa martxan da
Aurtengo gabonetako erakusleiho lehiaketa abenduaren 9tik 18ra egingo da Aretxabaletan, eta herriko merkataritza izango da protagonista. Lehiaketan Aretxabaletako denda guztiek parte har dezakete, izenik eman gabe.
Helburua da gure kaleei argia, sormena eta ilusioa ematea, merkatarien lana balioan jarriz eta herritarrei ibilbide berezi bat eskaintzea. Horretarako, erakusleihoen balorazioa, erakusleiho apainketan aditua den epaimahai batek egingo du, honako irizpideak kontuan hartuta: erakusleihoaren kalitatea, irudimena, publizitate mezuaren originaltasuna eta eraginkortasuna, argien erabilera eta, oro har, egindako lanaren koherentzia eta erakargarritasuna. Bestalde, erakusleihoek denda bakoitzean saltzen diren artikuluak erakutsi beharko dituzte.
Lehiaketak herritarren parte-hartzea ere jasoko du: bigarren sari bat emango da boto bidez. Botoa Arkupen jarriko den kutxan edo webgunean eskuragarri egongo den galdetegi digitalean eman daiteke abenduaren 9tik 16ra. Parte-hartzaileen artean, 50 euroko bonu baten zozketa egingo da Aretxabaletako dendetan gastatzeko.
Sariak abenduaren 20an emango dira.
- Epaimahaiaren saria: 300 euroko bonua Aretxabaletako dendetan gastatzeko, eta plaka ibiltaria, iazko irabazleak emana.
- Herritarren saria: 150 euroko balioa duen bonua jasoko du Aretxabaletako dendetan gastatzeko.
Bonuak urtea bukatu aurretik gastatu beharko dira (abenduaren 31rako) eta ordainketa egiteko udaletxean aurkeztu beharko dira tiketarekin batera urtarrilaren 10 a baino lehen.
Lehiaketak irauten duen egunetan, erakusleihoak argituta edukitzea gomendatzen da:
- Lanegunetan, dendaren ohiko ixte-ordura arte.
- Jai egunetan eta bezperatan, 21:00ak arte.
Neurri hau funtsezkoa da epaimahaiaren lana errazteko eta herritarrek erakusleihoak egoera onean ikusi ahal izateko.
Animatu eta gozatu merkatarien sormenaz, eta parte hartu herritarren botoan!
