Aretxabaletako emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. plana diseinatzeko prozesua martxan da

2018/04/24

Aretxabaletako Udalak emakume eta gizonen I. Berdintasun Plana 2012. urtean jarri zuen martxan. Bost urteko indarraldiaren ostean, plan horrek emandakoa ebaluatu zen 2017an.

Abiatutako prozesu horri jarraipena emanez, Aretxabaletako emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. Plana elaboratzeko prozesuari hasiera eman zaio orain. Aretxabaletako udalaren funtzionamenduan berdintasun ikuspegia era integral batean txertatzeko tresna erabilgarri bat sortzea da lan honen helburua.

Udaleko eta Aretxabaletako errealitatera egokituko den berdintasun plan bat sortze aldera, udal teknikari eta politikarien parte-hartzea ezinbestekoa dela uste dugu bai eta herriko eragile eta norbanakoena ere. Horretarako, bide ezberdinak zabalduko dira prozesuan zehar, eta udaleko berdintasun zerbitzutik dei egiten da burutuko diren parte-hartze prozesuetan parte hartzera.

2018ko apirilean abiatuko den prozesua, urtearen amaierarako amaituta izatea espero da.