Aretxabaletako emakume eta gizonen III. Berdintasunerako Plana 2030 onartu du Udalak

2026/06/10
Aretxabaletako Udalak Aretxabaletako emakume eta gizonen III. Berdintasunerako Plana 2030 onartu berri du eta gaur aurkeztu du herritarrei zuzendutako saio irekian TRIL Atxabaltako Txoko Feministan.

Urteak dira Aretxabaletako Udalak emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko apustua erakutsi duela eta horren adierazle dira Udalak izan dituen bi planak (I. Plana, 2009-2012; II. Plana, 2019-2022). Oraingoa, III. Plana da, 2026tik 2030era bitartekoa.

Daiteke aholkularitza enpresaren laguntzarekin, 2025. urtean hasitako prozesuaren emaitza da plan hau eta datozen urteetako norabidea zehaztu da bertan. Prozesu parte-hartzaile bidez, II. Berdintasunerako Planaren ebaluazioa egin ondoren, Aretxabaletak berdintasun alorrean dituen erronkak identifikatu dira eta erronka horiei aurre egiteko plana gauzatu da. Prozesuan herritarrek, mugimendu feministak, udal langile eta arduradun politikoek parte hartu dute.

Azken urteotan aurrerapen garrantzitsuak eman dira berdintasun alorrean, esate baterako, berdintasun saila indartu eta egongortu da, jabetze eskola martxan jarri da, TRIL Atxabaltako Txoko Feminista sortzeko parte-hartze prozesua gauzatu da eta Txoko Feminista ireki da, jaietan gune moreak antolatu dira, indarkeria matxistaren koordinazio mahaia eta erakunde arteko tokiko protokoloa sortu da, eta udalean, berdintasunerako I. barne plana eta jazarpen protokoloa osatu dira.

Sarritan plan luze eta anbiziotsuegiak sortzen dira eta ekintza asko egin gabe geratzen dira. Oraingoan, bereziki, errealista eta egingarria den ekintza-plan bat sortu nahi izan da, ekintzen betetze-maila altua lortzeko. Gainera, udal sail guztien inplikazioa eskatzen duen plana da, sail guztiek baitute ardura plan hau gauzatzean eta horretan indarrak jarriko ditu Udalak. Horrez gain, planak Berdintasun sailaren norabidea marraztuko du eta egunerokotasunean erabilgarria izango den lan-tresna gisa irudikatzen dugu.

84 ekintza biltzen dituen Plana

III. Berdintasunerako Planak paradigma feministatik lan egingo du, emakumeen ahalduntzea helburu izango du eta intersekzionalitatea aintzat hartuko du; 4 ardatz nagusi izango ditu: Gobernu ona, Emakumeen ahalduntzea, Gizarte-antolaketa bidezkoa, berdintasunezkoa eta jasangarria eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak. Guztira, 84 ekintzez osatuta dago Plana.

Aurreikusitako helburuen artean daude, besteak beste, udal barnean administrazio jardueran berdintasuna txertatzea, TRIL Atxabaltako Txoko Feminista indartzea, profil anitzetako emakumeengana heltzea jabetze eskolaren bidez, herriko elkarteekin batera elkarlanean aritzea edo indarkeria matxistaren prebentzioa eta sentsibilizaioa.

Plana irakurterrezagoa eta ulerterrazagoa izateko asmoz, planaren bertsio laburtua sortu da, eta, bi dokumentuak, plana osorik eta bertsio laburtua, Aretxabaletako udal webguneko Berdintasun atalean deskarga daitezke.