Aretxabaletako District Heating-eko obrak hasi dira
Proiektuak 1,7 milioi euroko inbertsioa egingo du guztira, EGEF funtsekin kofinantzatuta, eta Fagor Ederlanen soberako beroa berrerabiltzea ahalbidetuko du, Ibarra kiroldegia energia termikoz hornitzeko.
Lanak urriaren 13an hasi ziren, eta 2026ko martxoan amaitzea aurreikusten da.
Aretxabaletako district heating sistema berritzailearen lanak martxan daude. Proiektu hori Jasangarritasun Departamenduak, Fagor Taldeak, Fagor Ederlanek eta Aretxabaletako Udalak batera sustatu dute, eta urrats erabakigarria da tokiko energia eredu berri bat lortzeko, eraginkorragoa eta ingurumena errespetatzen duena.
Jarduketak 1,7 milioi euroko inbertsioa du guztira, eta Fagor Ederlanen industria-prozesuek sortutako hondar-beroa Ibarra Kiroldegia energia termikoz hornitzeko berrerabiltzea ahalbidetuko du. Horrela, lehen alferrik galtzen zen energia berokuntza eta ur bero bihurtuko da, udalerrian funtsezkoa den ekipamendu publiko baterako.
Proiektuak hiru jarduera nagusi ditu:
- Jasangarritasun departamenduak bero-sarearen instalazioa finantzatzen du, 700.000 euroko aurrekontuarekin.
- Fagorrek beroa berreskuratzeko sistemak instalatzen ditu bere instalazioan, 912.000 euroko inbertsioarekin.
- Aretxabaletako Udalak kiroldegiko azpiestazio termikoa egokitu du, 85.000 euroko ekarpenarekin.
Obrak urriaren 13an hasi ziren, eta datorren urteko martxoan amaitzea aurreikusten da. Gainera, ekimenak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) baterako finantzaketa izan du Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2017 Programaren barruan.
Jose Ignacio Asensio: "Proiektu honek erakusten du jasangarritasuna tokian tokikotik eta industriatik ere eraikitzen dela"
Obren hasierako bisitan, Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok proiektuaren izaera eraldatzailea nabarmendu du: "Gipuzkoan, jasangarritasuna eraldaketa- eta ongizate-motorra izan daitekeela erakusten ari gara. Proiektu honek industria, berrikuntza eta tokiko konpromisoa batzen ditu, egun galtzen den beroa aprobetxatzeko eta herritarrentzat energia erabilgarria bihurtzeko. Trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra herrietatik eta gure enpresetatik ere eraikitzen dira".
Asensiok azpimarratu duenez, bero-sare hori "lankidetza publiko-pribatuaren adibide argia da, eta aukera ematen du lurraldea deskarbonizatzeko eta zerbitzu publikoen energia-faktura murrizteko.
Ekonomia zirkularreko eredu erreplikagarria
Fagor taldeko Jasangarritasun eta Komunikazio koordinatzaile Aritz Otxandianoren iritziz, "proiektu honek indartu egiten du Fagorrek lurraldearen jasangarritasunarekin duen konpromisoa, eta industria klima-aldaketaren konponbidean aktiboki parte har dezakeela erakusten du".
Fagor Ederlaneko Gestio Sistema eta Jasangarritasun zuzendari Maite Pikasarrik nabamendu duenez, sistemak kiroldegiko gas naturalaren kontsumoa nabarmen murriztea ahalbidetuko du, "ingurumenean zein gizartean eragin positiboa izanik".
Bestalde, Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbek balioa eman dio erakundeen eta enpresaren arteko lankidetzari: "Hurbiltasun-proiektuek udalerriaren ongizatean eta jasangarritasunean benetan nola eragin dezaketen erakusten duen adibidea da".
Aretxabaletako district heating sisema Jasangarritasun Departamenduak bero-sare berriztagarriak eta energia aprobetxatzeko proiektuak bultzatzeko duen estrategiaren barruan sartzen da, karbono gutxiko eredu baterako trantsizioa bizkortzeko.
Ekimen horrekin, Departamentuak industria-sektoreari aplikatutako ekonomia zirkularraren aldeko apustua indartzen du, eta berrikuntzak pertsonen zerbitzura egon daitekeela eta egon behar duela erakusten du.
