Aretxabaletako 04 eta 05 poligonoetako landa-lurzatien mugak eguneratzeko proiektua
Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako ekimenak katastroko informazioa zehaztuko du baserritarren arteko akordioaren bitartez
Aretxabaletako Udalak landa-lurzatien definizio kartografikoa eguneratzeko proiektua jarri du abian, 04 eta 05 poligonoetako partzelen mugak zehazteko. Auzo hauek barnebiltzen ditu: Aozaratza, Akarazo, Areantza eta Goroeta. Ekimen honek udalerriko baserrien kudeaketa erraztea du helburu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du.
Aretxabaletako landa-lurzatien mugak ez daude behar bezala eguneratuta katastroan. Titularren batez besteko adina altua da, eta belaunaldien arteko erreleboa eskasa. Horrek partzela-mugei buruzko ezagutza galtzea ekarri du, eta, ondorioz, maiz sortzen dira akatsak eta zailtasunak lur sail horiekin lotutako edozein tramitetan. Hori dela eta, guztiz beharrezkoa da lurzatien definizio kartografikoa eguneratzea, finka horiek kudeatzen jarraitu ahal izateko.
Lanen helburua mugakideen arteko akordioaren eta altxatze topografikoaren bidez 04 eta 05 poligonoetako landa-lurzatiak mugatzea da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Katastro Zerbitzuan informazioa eguneratzeko. Lizitazioa uztailaren erdialdean abiatuko da eta lanak udazkenean hastea aurreikusten da.
Nola garatuko da prozesua?
Proiektua kanpo enpresa batek gidatuko du eta baserritarrekin elkarlanean garatuko da, parte-hartzea funtsezko elementua izango baita. Prozesua abiarazteko, Udalak bilera informatiboak antolatuko ditu, eta lur-jabe guztiei proiektuaren berri emango zaie. Bilera horietan, teknikariek proiektuaren helburuak eta metodologia azalduko dituzte eta jabeek beren partzelen mugak eta mugarriak zehazten lagunduko dute. Ondoren, enpresa arduradunak lur-jabeekin zuzeneko harremana garatuko du eta mugakideekin akordioak lehenesten saiatuko dira. Altxatze topografikoa jabeekin batera egingo da, beren aurrean, zehaztasun dezimetrikoz. Azkenik, jabe bakoitzari bere finkaren inguruko dosier pertsonalizatu bat entregatuko zaio, non plano topografikoa, mugarrien UTM koordenatuak, lortutako azalera eta ortoargazki bat agertuko diren, horrela bakoitzak bere lurraren dokumentazio osoa izan dezan.
Proiektu honen bidez, Aretxabaletak aurrera egingo du landa-lurzatien kudeaketa modernizatzen, baserritarren eta udalaren arteko elkarlan sendoa oinarri hartuta. Mugak zehaztea eta dokumentazioa eguneratzea, baserrien etorkizuna bideratzeko beste pauso bat da.


