Aretxabaletak lehen aldiz ospatuko du Elkarteen Eguna maiatzaren 23an
2024an herriko elkarteek hiru eskaera nagusi helarazi zizkioten udalari: herri mailako ekintzak koordinatzeko egutegi partekatu bat sortzea, antolatzen dituzten jardueren berri emateko euskarri bateratu bat izatea eta udal materiala eskatzeko formulategi bateratu bat diseinatzea.
Eskaera horiei erantzuteko, udalak parte-hartze prozesu bat jarri zuen martxan 2025ean. Prozesu horren emaitza izan da Aretxabaleta Klik aplikazioa. Tresna horren bidez, herriko elkarte guztien inguruko informazioa bildu da, antolatzen dituzten jardueren zabalkundea egiten da, herriko egutegi partekatua eskaintzen da eta udalaren espazioak zein materiala erreserbatzeko aukera ere ematen da.
Elkarteen Egunarekin, lankidetza horretan beste urrats bat eman nahi da. Egunaren helburua da herriko elkarteen lana herritarren artean ezagutaraztea, haien jarduera ikusaraztea eta herritarrei elkarteetan parte hartzeko aukera eskaintzea. Horretarako, herriko elkarteek egitarau zabala prestatu dute.
Gainera, Aretxabaletan bizi diren eta hainbat herrialdetatik etorritako bizilagunek ere parte hartuko dute ekimenean. Herrialde ezberdinetako jaki eta mokaduak dastatzeko aukera eskainiko dute, kultura-aniztasuna eta herriko bizikidetza balioan jarriz. Besteak beste, Argelia, Kolonbia, Nikaragua, Pakistan, Paraguai, Peru, Portugal, Dominikar Errepublika eta Senegalgo herritarrak izango dira bertan.
Egitaraua
Maiatzak 22, osteguna: 17:30-19:30 | Arkupe Kultur Etxea Yakaar elkarteak antolatuta, Senegalgo legez kanpoko migrazioari buruzko dokumental laburraren proiekzioa eta Mbam herrialdearekin bideokonferentzia.
Maiatzak 23, ostirala:
- 09:00-11:30, Murrukixo mendi elkarteak antolatutako mendi ibilaldia.
- 10:00, UDAk antolatutako frontenis txapelketa (+16 urte). Izena emateko epea maiatzaren 18ra arte egongo da zabalik.
- 10:30-12:00, Eskola kirolak antolatutako ekintzak plazan eta kantxan.
- 11:00-12:00, Hiru Txirlo bolo elkarteak antolatuta, boletan ikasteko eta jolasteko aukera bolatokian.
- 11:00-13:30, UDAk eta Aratz elkarteak antolatuta, Genuine futbol partida Ibarra futbol zelaian.
- 12:00, Loratuk antolatuta, altxorraren bila plazan.
- 12:30, Erraldoien konpartsaren ate irekiak.
- 12:30, Erdu emakume taldeak antolatuta, dokumental emanaldia.
- 13:30, Jaiki elkartearen performance-a.
- 13:30, Aretxabaletako abesbatzaren kantu emanaldia, txistulari taldeak lagunduta.
- 13:45, Aretxarte elkartearen tonbola.
- 12:00-14:30, Elkarteen azoka: Plazan. Azokan parte hartuko duten elkarteak: Jaiki dantza elkartea, Loramendi kultur elkartea, Yakaar elkartea, Aretxabaletako erraldoien konpartsa, Debatea elkartea, Okila taldea, Aretxarte elkartea, Hiruatx elkartea eta Gu haziak gara elkartea.
- 13:00-15:00, Zizka-mizka multikulturala: Herrialde ezberdinetako jakiak dastatzeko aukera izango da: Argelia, Kolonbia, Nikaragua, Pakistan, Paraguai, Peru, Portugal, Dominikar Errepublika eta Senegal.
- 17:00, Kukumiku elkarteak antolatuta, magia emanaldia Kukumikuren espazioan.
- 18:00, Gaztelekuak antolatuta, argazki rallya gaztelekutik abiatuta.
