Aretxabaletak kontsulta publiko bat ireki du beheko solairuetako etxebizitzak arautzen dituen ordenantza berritzeko

2026/01/22

Aretxabaletako Udalak aurretiazko kontsulta publikoa jarri du martxan beheko solairuetako lokaletan etxebizitzak ezartzea arautzen duen udal ordenantza berritzeko, indarrean ez dagoen ordenantza eguneratu eta etxebizitza merkatuaren egungo errealitatera egokitzeko helburuarekin.

Etxebizitza eskuratzeko zailtasuna gero eta arazo larriagoa da, bai udal mailan, bai lurralde mailan. Testuinguru honetan, gero eta udal gehiago ari dira etxebizitza merkatu tentsionatuko eremu izendapena izapidetzen. Aretxabaleta ere ez da egoera horretatik kanpo geratzen.

Egoera horren aurrean, Udalak beharrezkotzat jotzen du udaleko tresna arauemaileak berraktibatzea eta eguneratzea, dagoen eraikin-parkeak eskaintzen dituen aukerak modu ordenatuan aprobetxatzeko eta hirigintza ikuspuntutik eta tenikoki bideragarriak diren tokietan etxebizitza berriak sortzen laguntzeko.

Indarrean ez zegoen ordenantza eguneratzea eta haren aplikazioa hobetzea

Aretxabaletak jarduketa mota hau arautzen zuen ordenantza bat izan du, baina indarraldia amaituta dagoenez, beharrezkoa da testu berri eguneratu bat idaztea, egungo beharrei erantzungo diena eta argitasun eta segurtasun juridiko handiagoa emango duena.

Etorkizuneko ordenantzaren ardatzetako bat izango da jarduera ekonomikoak garatzeko egokiak ez diren beheko solairuetako lokalak zehaztasun handiagoz identifikatzea, eta beren ezaugarriengatik etxebizitza erabilerara bidera daitezkeenak zehaztea.

Era berean, espazio horiek egokitzeko baldintzak zehaztasun handiagoz arautu nahi dira, bizigarritasunari, irisgarritasunari, baldintza teknikoei eta etxebizitzaren kalitateari buruzko irizpide argiak ezarriz, betiere indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

Helburua da erabilera erresidentziala hiri-eredu orekatu batekin bateratzea, eraldaketak kalitatezko eta hiri-kohesiozko irizpideekin egiten direla bermatuz.

Kontsulta publiko ireki eta parte-hartzailea

Ordenantza berria idatzi aurretik, Udalak kontsulta publiko bat ireki du, herritarren ekarpenak, iradokizunak eta proposamenak jasotzeko, baita eraginpean egon daitezkeen edo interesa izan dezaketen pertsona eta kolektiboenak ere.

Kontsulta publikoa tresna bat da, prozesu arauemailearen hasieratik ikuspegi desberdinak txertatzeko aukera ematen duena, eta udalerriaren errealitatera hobeto egokitutako araudia lantzen laguntzen duena.

Ekarpenak urtarrilaren 23tik otsailaren 23ra bitartean egin ahal izango dira, honako bide hauen bidez:

  • Posta elektronikoa: hirigintza@aretxabaleta.eus
  • Udal erregistro digitala
  • Udal erregistro presentziala

Udaletik herritarrak prozesu honetan parte hartzera animatzen dira; izan ere, horri esker udal etxebizitza politikaren tresna garrantzitsu bat berritu ahal izango da, eta tokiko esparrutik egungo erronka sozial nagusietako bati erantzuten aurrera egin.