Aretxabaletak herria genero-ikuspegitik aztertuko du, eguneroko bizitza errazteko

2026/11/20
«Nolako Atxabaltan bizi nahi duzu? Hiri-diagnosia genero-ikuspegitik» lelopean, Udalak herritarren bizipenak eta proposamenak bilduko ditu. Parte hartzeko lehen aukera azaroaren 16an izango da, Gernika plazan jarriko den informazio-puntuan eta egun horretan bertan zabalduko den galdetegiaren bidez.

Eskolara laguntzea, erosketak egitea, plazan elkartzea edo gauez etxera itzultzea. Eguneroko jarduera horietatik abiatuta, herriaren antolaketak eta espazio publikoen baldintzek zer errazten duten eta non sortzen dituzten oztopoak jakin nahi du Aretxabaletako Udalak.

Herriak tradizionalki gizonezko heldu eta produktiboaren ikuspegitik diseinatu dira, herriak dituen erabilera anitzak albo batera utzita, emakumeen, genero disidenteen eta beste hainbat kolektiboren beharrak aintzat hartu gabe (adinekoak, adin txikikoak, desgaitasunen bat dutenak...). Egoera horri aurre egiteko herria genero ikuspegitik aztertzea beharrezkoa da. Horregatik, hiri-diagnosiak arreta berezia jarriko du emakumeen eta genero disidenteen bizipenetan eta zaintza-lanak egiten dituzten pertsonen beharretan. Hala ere, herritar guztiek parte hartu ahal izango dute prozesu honetan.

Diagnosiak herriaren antolaketari erreparatuko dio, eguneroko zerbitzuak eta ekipamenduak non dauden eta auzoekin nola lotzen diren ikusteko. Kaleek, plazek eta ibilbideek mugitzeko, atseden hartzeko, elkartzeko eta zaintza-lanak egiteko zer baldintza eskaintzen dituzten ere jasoko du. Herritarren bizipenek erakutsiko dute; nork, noiz eta zertarako erabiltzen dituen espazio horiek, nor sentitzen den bertan seguru eta aske, eta nork saihesten dituen eta zergatik. Halaber, aintzat hartuko da espazio publikoek herriko pertsonen eta kolektiboen aniztasuna eta identitatea zenbateraino islatzen dituzten.

Herritarren eguneroko bizipenak herriaren indarguneak eta oztopoak ezagutzeko, eta benetako beharrei erantzungo dieten hobekuntzak proposatzeko funtsezkoak dira. Horregatik, Aretxabaletako Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu prozesuan parte hartzera eta beren ekarpenak egitera. Hona hemen horretarako aukerak eta hitzorduak.

Nola parte hartu: hitzorduak

  • Azaroaren 16a: Informazio-puntua Gernika Plazan. 10:00etatik 13:00etara, herritarrek prozesua ezagutu eta parte hartzeko moduei buruzko argibideak jaso ahal izango dituzte.
  • Azaroaren 16tik abenduaren 4ra: Galdetegia. Online bete ahal izango da, esteka honen bitartez: GALDETEGIA. Paperezko aleak udaletxean, Arkupen, liburutegian, osasun-zentroan, kiroldegian eta TRIL Atxabaltako Txoko Feministan egongo dira.
  • Abenduaren 1a: Herri-ibilbideak. Herriko kale eta plazak elkarrekin ibiliko dituzte parte-hartzaileek, eguneroko joan-etorriak eta egonaldiak zerk errazten edo zailtzen dituen bertatik bertara aztertzeko. Bi txanda izango dira, 09:30etik 11:30era eta 17:30etik 19:30era. Bietan, elkargunea Karmele Igartua aretoa izango da.
  • Abenduaren 15a: Proposamenak lantzeko saio irekia. 17:30ean, TRIL Atxabaltako Txoko Feministan. Ordurako jasotako ekarpenetatik abiatuta, herritarrekin batera landuko dira hobekuntza-proposamenak.
  • 2027ko martxoa: Emaitzak aurkezteko saio irekia. Diagnosiaren emaitzak eta landutako proposamenak TRIL Atxabaltako Txoko Feministan aurkeztuko dira.

Ibilbideak eta saio irekiak ele bietan egingo dira, eta ez dago izena eman beharrik.

Aukeratu nola parte-hartu eta kontatu nolako Atxabaltan bizi nahi duzun.

Harremanetarako edo informazio gehiago eskuratzeko TRIL Atxabaltako Txoko Feministara jo, bertaratuz (Ilargi plaza, 5) edo berdintasuna@aretxabaleta.eus helbide elektronikoaren edo 688 63 33 81 telefono-zenbakiaren bitartez.