Aretxabaletak erabilerarik gabeko beheko solairuko lokalak etxebizitza bihurtzea ahalbidetuko du

2026/11/24
Azaroaren 18ko osoko bilkuran onartutako ordenantzak 2003ko araudia eguneratzen du, eta bide berri bat zabaltzen du hutsik dauden lokalei erabilera emateko.

Aretxabaletan badira behe-solairuko lokalak urteak daramatzatenak hutsik, edo jarduera ekonomikoa hartzeko aukera gutxi dutenak. Udalak irtenbide berri bat eskaini nahi die: etxebizitza bihurtzeko aukera, baldintza argiekin eta herriaren orekari eutsiz.

Hori da azaroaren 18ko osoko bilkuran hasieran onartutako ordenantza berriaren helburua. 2003ko ordenantza ordezkatuko du, eta gaur egungo hirigintza-, etxebizitza- eta irisgarritasun-araudira egokituko du. Testua azaroaren 2ko batzordean landu zen, udal taldeen ekarpenekin. Ordenantza aho batez onartu zen aipatutako osoko bilkuran.

Lokal hutsak etxebizitza bihurtzeak abantaila bikoitza du: herrian etxebizitza gehiago sortzen da lurzoru berririk okupatu gabe, eta erabili gabe zeuden espazioei bizitza ematen zaie. Jabeentzat ere aukera berria da, orain arte irtenbiderik ez zuten lokalei erabilera emateko.

Lokal batetik sortzen diren etxebizitzak udal etxebizitza tasatu gisa kalifikatuko dira eta horregatik prezio mugatua edukiko dute betirako. Alokairua ere mugatua izango da eta ohiko bizileku izango dira; ez dira erabilera turistikorako erabiliko. Bizigarritasun-baldintza guztiak bete beharko dituzte: argi eta aireztapen naturala, irisgarritasuna eta isolamendua. Ez da etxebizitzarik onartuko sotoetan edo erdisotoetan.

Aldaketa ez da orokorra izango. Merkataritza-ardatzak babestuta geratzen dira, eta lokal bakoitza banan-banan aztertuko da. Fatxadak eraikinarekin bat etorri beharko du, eta sarbideak ikusgai eta argiztatuta egongo dira, genero-ikuspegia kontuan hartuta.

Ordenantzak 98 atari jasotzen ditu, horietako 81etan erabilera-aldaketa baldintza berezirik gabe aztertu ahal izango da. Gainerako 17etan baldintza zehatzak beteko dira: lokala goiko solairuko etxebizitzari lotzea, lurzoruaren kalitatea aztertzea, behe-solairuaren kota zehaztua izatea edo aldaketa solairuartean soilik egitea. Zerrendan egoteak ez du aldaketarako eskubide automatikorik ematen: lokal bakoitzak ordenantzako baldintzak bete beharko ditu.

Ordenantza hilabetez egongo da jendaurrean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Epe horretan edozein herritarrek edo eragilek alegazioak aurkeztu ahal izango ditu. Ondoren, Udalbatzak behin betiko onartuko du.