Aretxabaleta 'Farmazia Lagunkoia' proiektu pilotuan parte hartzen ari da
Aretxabaleta Farmazia Lagunkoia proiektu pilotuan parte hartzeko aukeratutako hiru herrietako bat da. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen duen Euskadi Lagunkoia programaren barruan kokatzen da ekimena, Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Kontseiluarekin lankidetzan.
Pilotaje honetan, Aretxabaletaz gain, Barakaldo (Bizkaia) eta Alegria Dulantzi (Araba) herriek parte hartuko dute. Farmazia Lagunkoiaren helburu nagusia farmaziek establezimendu horietara maiz joaten diren adineko pertsonen beharrak hautemateko eta horiei erantzuteko duten eginkizun komunitarioa sustatzea da. Beren bizilekuan dauden baliabideekin duten lotura hobetu nahi da, baita oinarrizko gizarte zerbitzuekin, osasun zentroekin eta adineko pertsonen gizarte-zentroekin duten harremana ere.
Herriko bi farmaziak (Fraile eta Botika Aretxabaleta) batu dira proiektura. Lan Batzorde bat eratu da, hainbat eragileren inplikazioarekin (farmaziak, gizarte zerbitzuak, osasun zentroa eta adineko pertsonen talde sustatzailea), premia eta baliabide berriak hautematen etengabe lan egiteko eta, aldi berean, herrian ematen ari diren hobekuntzen jarraipena egiteko.