Aretxabaleta-Aretxabaleta: Emakumeen Birako hirugarren etapa

2018/05/16
Datorren astelehenean, maiatzaren 21ean, Aretxabaletan jokatuko da (irteera eta helmuga) Emakumeen Biraren hirugarren etapa. Etapa arratsaldeko 15:30ean hasiko da Durana kalean eta 18:45ak aldera amaituko da bertan. Aretxabaletako Udalak zenbait kale eta herri barruko errepide itxi beharko ditu astelehenean, Birako autobus eta kotxeen aparkalekuak egokitzeko.

Hirugarren etapak ibilbide menditsua izango du, eta bereziki Aramaioko errepideetan jokatuko dira etapako kilometrorik bizienak. Honako hau izango da ibilbidea: Aretxabaleta-Arrasate (birritan), Oñati, Arrasate (saihesbidetik Mugarriko biribilguneraino), Garagartza, Gesalibar, Aramaio (Etxaguen, Arriola, Arexola, Barajuen, Zabola, Untzilla), Aretxabaleta, Eskoriatza, Legutio, Aramaio, Arrasate, Aretxabaleta.

Aretxabaletako Udalaren eskaera

Aurten, lehenengo aldiz, Emakumeen Bira nazioarteko goi mailako lasterketen egutegian dago, UCI Women’s World Tour zirkuitoan, alegia, eta antolakuntzaren ikuspegitik asko izango dira herrian sortuko diren gorabeherak lasterketa egunean. Hori dela eta, Aretxabaletako Udalak pazientzia eskatzen die herritarrei, egun horretan zenbait kale eta herri barruko errepideetan noranzko aldaketak eta mozketak egongo baitira.

Kalerik afektatuenak hauek izango dira: Durana, Mitarte (Eroskira eta Okindegiko adarrak barne), Basabe bidea, Basabe poligonoa eta Iralabarri. Eta aparkatzeko aukera izango da Kiroldegi aurreko zelaian. Horrez gain, AZBE aurreko autobus geltokia tokiz mugituko da, jaietan bezala, Urkulurako igoera hasten den punturaino.

Besteak beste, antolakuntzak 24 kotxe eta autobus; 3 ibilgailu neutro; 3 anbulantzia; 12 ibilgailu ofizial; Ertzaintzaren 18 motor; eta beste 23 motor erabiliko ditu bidegurutzeen zaintza egiteko. Gainera, Global Podium-eko kamioi handia... eta beste zenbait azpiegitura mobilizatuko dira. Beraz, kontuan hartu kale mozketak gertatuko direla denbora tarte horretan, igandetik bertatik hasita. Dena den, bidegurutzetan boluntarioak egongo dira, une bakoitzeko informazioa eman eta bidea moztu edo irekitzeko.

Aretxabaletan 30 laguneko boluntario taldea ari da etapa hau koordinatzen, eta beste horrenbeste Aramaion, Oñatin eta Arrasaten ere. Guztira 120 bat lagun arituko dira Debagoiena zein Aramaioko errepideetan, guztia behar bezala jokatu dadin.

Informazio orokorra

Maiatzaren 19tik 22ra bitartean jokatuko da Emakumeen Bira. Aurtengoa 31. edizioa da eta lehen aldiz UCI Women’s World Tour zirkuitoan sartuko da. Parte hartuko duten taldeak kontuan hartuta, luxuzko parte hartzea aurreikusten da, izan ere 24 taldek ziurtatu dute esku hartzea, Europako talderik onenak. Horrez gain, aurtengo ibilbideari dagokionez, Birak lau etapa izango ditu:

• Lehena: maiatzak 19, larunbata – Legazpi-Legazpi (108 km)

• Bigarrena: maiatzak 20, igandea – Agurain-Gasteiz (erlojupeko 20km)

• Hirugarrena: maiatzak 21, astelehena – Aretxabaleta-Aretxabaleta (122km)

• Laugarrena: maiatzak 22, asteartea – Iurreta-Iurreta (120km)

Informazio gehiago webgune ofizialean: www.birawwt.eus.