Aratusteak ate joka Aretxabaletan: egitarau zabala adin guztientzat

2026/02/03
Aretxabaleta kolorez eta giroz beteko da otsailaren 7tik 17ra bitartean. Egun hauetan, kalejirak, musika, dantza, haurrentzako emanaldiak eta ohiturazko ekitaldiak izango dira protagonista, herritar guztientzat pentsatutako egitarau zabalarekin. Izaro Sanchez Atxabaltarra izan da aurtengo kartelaren irabazlea.

Aretxabaletako Aratusteak otsailaren 7tik 17ra bitartean ospatuko dira, herritar guztientzat pentsatutako egitarau zabalarekin. Egun hauetan zehar kaleak giroz, musikaz eta kolorez beteko dira, adin guztietako pertsonek gozatzeko moduko ekitaldiekin.

Aratusteei hasiera emango dien eguna otsailaren 7a, Txapeltxin eguna, izango da. Goizean txokolatada egingo da Herriko plazan, eta jarraian erraldoi ertainekin eta Txapeltxinekin kalejirak izango dira, karro musikatuz lagunduta. Arratsaldean, bolo txapelketak (haur eta gazteentzat zein helduentzat), kale animazioa eta dantzaldia egingo dira, eta iluntzean Matraka elektrotxarangak eta Muxutruk taldearen erromeriak girotuko dute herria.

Otsailaren 13an, Egubakoitz Argala, Egubakoitz Argal jaia ospatuko da Ibarra kiroldegian, Leizarra musika eta dantza eskolak antolatuta, musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera eskainiz.

Otsailaren 15ean, Aratuste domekan, egun osoko egitaraua izango da. Goiza diana eta Txino dantzarekin hasiko da, Santa Ageda neska-mutilen eskutik. Ondoren, kuadrilen desfilea, Kamara Glam, kalejirak eta herri bazkaria egingo dira. Arratsaldean DJ-emanaldiak, mozorro lehiaketaren sari banaketa eta Santa Ageda neska-mutilen emanaldia izango dira Herriko plazan, jaiei amaiera borobila emanez.

Azkenik, otsailaren 17an, Aratusteetako martitzenean, haurrek hainbat emanaldi egingo dituzte goizean zehar herriko hainbat gunetan. Arratsaldean buruhandiak irtengo dira kalera, eta gauean Txin-en hileta ospatuko da, suzko zezenarekin amaitzeko. Ohiturari jarraituz, Santa Ageda neska-mutilek zerraldoa eramango dute Mitarte kaletik plazaraino; bertaratzen diren herritarrei lutoz jantzita eta kandela eskuan joatea gomendatzen zaie.

Antolakuntzan eta egitarauan parte hartu duten eragile guztiei eskerrak eman nahi zaizkie: Karnabalen Lagunak, Santa Ageda neska-mutilak, Leizarra musika eta dantza eskola, Aretxabaletako txistu taldea, ikastetxeak eta guraso elkarteak.

Azkenik, Aratusteetako giroa indartzeko, herritarrei balkoiak apaintzea eskatzen zaie.