Antzerkiz beteko da Arkupe urrian

2019/09/25
Antzerki hilabetearen hirugarren edizioan hamabi ikuskizunekin gozatzeko aukera egongo da. Vaiven, Eidabe, Txalo Produkzioak eta Alanbike Teatro konpainiek, beste batzuen artean, euren azken lanak aurkeztuko dituzte

 

Aretxabaleta antzerkiz beteko da urrian. Hamabi ikuskizun hartuko ditu Arkupek, adin guztietako ikusleen artean antzerki zaletasuna bultzatzeko helburu duen programaren eskutik. Eskarmentu handiko konpainiak, gehienak euskaldunak, horien artean Vaiven, Eidabe, Txalo Produkzioak edo Alanbike Teatro, Belgikako Théâtre de la Guimbarde taldearekin batera, euren azken lanak aurkeztuko dituzte Zaraia aretoko oholtza gainean.

Udalak orain dela hiru urte jarri zuen martxan Antzerki hilabetea, herritarrak kultura kontsumitzera animatzeko helburuarekin. “Jendearen erantzuna ona izan da eta, horri esker, ekimena gorpuzten joan da”, narbarmendu dute Kultura sailetik. Ikuskizunak aukeratzeko orduan genero desberdinak uztartzea kontuan hartu da ikusle gehiagotara heltzeko. Beraz, aurtengo egitarauak ikasle zein helduei zuzendutako askotariko antzezlanekin jantzi dute.

Lehenengo hitzordua urriaren 6an izango da. Egun horretan Node konpainiaren Conchita Tou izenburuko lanekin gozatzeko aukera egongo da. Beasaineko eta Euskal Herriko mediumik onena da Conchita. “Hemengo, horko eta hangokoekin kontaktuan jartzeko bide errazena. Deitu orain eta ezagutu behingoz zu eta zure senarraren hiltzailearen izena. Conchitak bakarrik alda dezake zure bizitza… edo heriotza”, dio ikuskizunaren aurkezpenak. Nerea Arriola Conchita Touren paperean jarriko da eszenatoki gainean.

Urriaren 9an, aldiz, zortzi urtetik gorako ikasleentzat, Eidabek Mari eta gaileta fabrika ikuskizuna taularatuko du, eta 17an, Tomaxen abenturak pailazo konpainiak Azken balea lana aurkeztuko zaie bost urtetik gorakoei. Ikasleriari zuzendutako atalean, Teatro Paraisok, Belgikako Théâtre de la Guimbarde konpainiaren laguntzarekin, Kubik ikuskizuna eskainiko du urriaren 24an. Bertan, jolasgunean, kolore, forma eta bolumenak proiektatzen dituzte bi antzezlek, hasieran bakarrik dagoen zuriaren gainean sentimenezko unibertsoa marrazteko. Urriaren 31an, hamaika urtetik gorakoentzat Txalo Produkzioak taldearen 20.000 legoa itsaspeko bidaian antzezlana izango da ikusgai.

Helduek, ordea, sei ikuskizunekin gozatzeko aukera izango dute: Vaiven Producciones konpainiaren Argiaren hautsa (urriaren 11n); Nomofobikak taldearen Sarean kateatuak (12an); Alanbike Teatroren Sal Marina (13an); Beheko larraineren Manifestu bat delako (19an); Asociacion de Teatro Atakadosen Hoy, milagro! (20an); Intujai Teatroaren Ama-Alu-Lur (26an), eta Kukumix taldearen Escenicas (27an). 

Ikasleei zuzendutako emanaldiak izan ezik –hauek doan izango dira-, gainontzekoek lau euroko prezioa izango dute. Sarrerak urriaren 2tik aurrera jarriko dituzte salgai Arkupen.

ALKOHOLAREN GEHIEGIZKO KONTSUMOARI BURUZ SENTSIBILIZATU

Prebentzio sailak bat egin du Antzerki hilabetearekin. Peter Roberts mimoak Mimarte proiektua ekarriko du Arkupera urriaren 2an. Erakustaldi honen bitartez, magia, umorea eta nerabeen parte-hartzeaz baliatuz, gogoeta eginarazi nahi da gehiegizko alkohol kontsumoaren inguruan. DBHko bigarren mailako ikasleekin landuko da.