Aldundiak Debagoieneko bidegorriak hobetzeko lan berriak osatu ditu eta oinezkoentzako tarte berri bat egingo du Urkulun

2026/01/29
Felix Urkola diputatua Aretxabaletako eta Eskoriatzako alkateekin batzartu da departamenduak burututako azken lanen berri emateko, eta aurreratu du, besteak beste, Aldundia dagoeneko lanean ari dela Vasco-Navarro trenaren ibilbide historikoa bidegorri gisa berreskuratzeko proiektuan.

Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolak, Plangintza eta Ustiapeneko foru zuzendari Mikel Uribetxebarriarekin batera, lan-bilera bat egin du Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturberekin eta Eskoriatzako alkate Edorta Zubizarretarekin, bi udalerrietan bidegorri berriak eraikitzeko eta hobetzeko lanen berri emateko. Besteak beste, Urkulun oinezkoentzako ibilbide seguru bat egiteko eta Vasco-Navarro trenbidearen trazaduraren proiektu historikoa berreskuratzeko proiektuen inguruan hitz egin dute. “Oso proiektu esanguratsua lantzen ari da Aldundia; aisialdiari, mugikortasun jasangarriari eta Leintz bailarako ondare historikoari dagokionez potentzial handia duena”, adierazi du Urkolak. Bileran, diputatuak Debagoieneko bidegorri sareko hainbat zatitan dagoeneko eginda dauden mantentze lanen balantzea ere egin du, eta ibilbide horiek hobetzeko eta jarraipena emateko abian dauden proiektuak aurreratu ditu.

Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak lanean jarraitzen du Gipuzkoako bidegorri sarean hobekuntzak eginez, baita Debagoieneko hainbat tartetan ere. “Aldunditik uste dugu bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbideak bizi-kalitatean eta ongizatean benetan eragiten duten espazioak ere badirela, eta, aldi berean, udalerrien arteko lotura ere badirela”. Ildo horretan, azpimarratu du Aldundia mantentze-plan mailakatu bat garatzen ari dela, lurralde osoan 104 kilometro bidegorri hartzen dituena, 151 puntutan zehazki; garbiketa lanak, seinaleztapena eta babes-elementuen hobetzea, bide-zoruak indartzeko, drainatzeak eta egiturak sendotzeko lanak. Hala, esparru honetan, 2025-2026 aldirako aurreikusitako inbertsioa ia lau milioi eurokoa da.

Debagoienean 8,2 km eraberritu dira

Programa honen barruan, Debagoieneko hainbat puntutan jardun du departamentuak azken hilabeteetan, Bergara – Elorregi eta Aretxabaleta – Eskoriatza tarteetan, 350.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Iazko urritik orain arte eraberritu dira 8,2 kilometro. Jarduketa horien barruan sartu dira bide-zoruak hobetzea, egurrezko hesiak berritzea eta bidegorrien ertzak eta sastrakak garbitu dira. Aretxabaletako eta Eskoriatzako eremu zehatzean, bidegorria GI-627 errepidearen azpitik igarotzen den puntuaren (Aretxabaleta) eta Eskoriatzako tunelaren sarreraren arteko zatian esku hartu da, 1,7 kilometrotan. Diputatuak jarduketa horien berri eman die alkateei, eta azpimarratu du garrantzitsua dela “azpiegitura horiek egoera onean mantentzea, segurtasuna, iraunkortasuna eta eguneroko erabilera egokia bermatzeko”.

Aldi berean, Aldundiak bi proiektu bereziki esanguratsu lantzen jarraitzen du. Lehenengoa Urkuluko urtegian oinezkoentzako ibilbide berri bat egokitzea da, Aretxabaletan eta eskualde osoan asko erabiltzen den aisialdirako eta kirolerako naturguneetako bat baita. "Gaur egun, Aozaratza eta urtegiaren arteko zatian beharrezkoa da errepidean 200 metro inguru oinez egitea. Egoera hori konpontzeko, Aldundiak proiektu bat idatzi du, tarte horretan bi metroko zabalerako oinezkoentzako bide bat eraikitzea aurreikusten duena, 141.388,39 euroko aurrekontuarekin. Proiektua jendaurrean jarriko da orain, eta, ondoren, behin betiko onartuko da. Behin onartuta, obrak lizitatuko dira, eta 2026aren amaierarako egitea aurreikusita dago ", Urkolaren arabera.

Vasco-Navarro trenbidearen ibilbidea

Bigarren proiektua, pisu handiagokoa, Vasco-Navarro trenbide  historikoa berreskuratzea da, bidegorri ibilbide gisa. Egitasmo esanguratsua da eskualdean, eta balio handikoa aisialdiaren, mugikortasunaren eta balio historiko eta kulturalaren ikuspegitik Leintz bailaran.

Garai bateko trenbideak Eskoriatza eta Arlaban lotzen zituen, Arabako mugaraino, ia 18 kilometrotan zehar, % 1,5eko batez besteko maldarekin eta guztira 12 tunelekin. Aldundiak proiektua eguneratzeari ekingo dio; izan ere, trenbide zaharraren plataformak aldaketa handiak izan ditu urteen poderioz, eta beharrezkoa da irtenbide teknikoak eta aurrekontua berrikustea, zati eta tunel batzuek ezinezko igarobidea baitute egun.

“Gipuzkoako Foru Aldundia Vasco-Navarro trenbidearen trazaduraren egoera aztertzen ari da berriro, proposamen bideragarri bat planteatu ahal izateko. Balio sozial, natural eta historiko handiko espazio bat berreskuratzeko ekimen bat da”. Era berean, Urkolak udalekiko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, jarduketak lehenesteko eta Gipuzkoako bidegorri sarearen garapenean modu koordinatuan aurrera egiteko.