Aretxabaleta berdinzaleago baten alde
Urte osoa daramagu lanean Aretxabaleta berdinzaleagoa eraikitzeko helburuarekin, eta udan ere lanketa horrekin jarraituko dugu, berdintasunaren aldeko aldarriak eginez. Jaiek erdigunea hartzen duten garai honetan, jai batzordeekin elkarlanean arituko gara herriko jaiak guztiontzako eremu gozagarria izan daitezen. Gure helburua ez da izango jaiak kriminalizatzea, baizik eta indarkeria matxistari aurre egiteko erramintak sortu eta baliabideak eskaintzea.
Azkenaldian, gizonezko bat emakumeak jazartzen ibili da Urkulu inguruan, eta segurtasunari buruzko kezka zabaldu da herrian. Aretxabaletako Udalak irmoki gaitzesten ditu ekintza horiek. Era berean, herritarroi gogorarazi nahi dizuegu, egoera horiei aurre egiteko gaur egun daukagun aukera bakarra, eraso guztien berri eman eta salaketak jartzea dela. Beraz, horrelako egoera bat bizi izan baduzu, bizitzen ari bazara, edota ikusi baduzu, ez zalantzarik izan, eta deitu udaltzainei edo Ertzaintzari.
Egungo egoera horiek guztiek sortzen dituzten beharrei erantzunez, hauek dira Aretxabaletako Udalak, urtean zehar egindako lanketari jarriki, hartuta dituen konpromisoak:
- Jai eredu berdinzaleagoak sustatzea
- Protokoloak sortu eta aplikatzea
- Herriko eragileekin elkarlanean jardutea
- Babes-guneak sortzea