Abian da ongizate emozionalaren sustapena eta adikzioen prebentziorako tokiko plana 2026-2029

2026/03/04

Aretxabaleta eta Eskoriatza udalerriek 2026-2029 aldirako Ongizate Emozionalaren Sustapena eta Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana jarriko dute martxan. Hurrengo lau urteetan garatuko den planaren helburua haur, nerabe eta gazteen ongizate emozionala indartzea eta adikzioen prebentzioan urrats sendoak ematea da, ikuspegi komunitario batetik.

Ekimen hau 2024an egindako diagnostiko parte-hartzailearen ondorio da. Bi herrietan ongizate emozionalaren eta adikzioen egoera aztertu zen, eta prozesuan herriko eragileek, gazteek eta herritarrek parte hartu zuten. Diagnostiko horretan identifikatutako erronkei erantzuteko, udalek eta tokiko eragileek elkarlanean osatu dute orain aurkeztu den plangintza.

Diagnostikoa eta plana Garaia Osasunerako Sustapena S.L. enpresak bideratu ditu.

Haur eta gazteen ongizatea, ardatz

Planaren ardatz nagusia haur, nerabe eta gazteek ingurune babestu eta seguruan hazteko baldintzak indartzea da. Horretarako, parte-hartzea sustatuko da, gazteek eurei eragiten dieten gaietan ahotsa eta erabakitzeko gaitasuna izan dezaten. Era berean, erabakiak hartzeko, gatazkak kudeatzeko eta komunikatzeko trebetasunak landuko dira.

Osasun mentalari ere arreta berezia jarriko zaio, nerabe eta gazteen artean arazo psikologikoen prebentzioa indartuz. Bestalde, sexu-harreman osasuntsuak sustatzeko eta kontsumoen normalizazioaren inguruan hausnarketa kritikoa bultzatzeko ekimenak garatuko dira.

2026an martxan jarriko diren neurriak

Planaren lehen urtean hainbat ekimen jarriko dira abian. Gazteei zuzenean eragiten dieten neurrien artean, adin txikikoekin lan egiten duten eragileentzako formakuntza eskainiko da, egoera zaurgarrian dauden haur eta nerabeentzako dirulaguntzak sortuko dira, eta partaidetza foroak eratuko dira.

Halaber, prebentzio programak indartuko dira, ikastetxeetan pedagogia feministan oinarritutako programa bat jarriko da martxan, eta nerabe eta gazteei zuzendutako psikologia zerbitzu berri bat irekiko da. Kale heziketa programa ere sendotuko da.

Komunitate mailan, kontsumoen aurrean dagoen permisibitatea murrizteko lan egingo da, substantzien kontsumoaren hasiera atzeratzeko eta adikzioen prebalentzia gutxitzeko helburuarekin. Horretarako, sentsibilizazio ekintzak eta hausnarketa kritikorako guneak sustatuko dira herriko eragileekin elkarlanean.

Elkarlana, giltzarri

Plana herriko ikastetxe, guraso elkarte, gazteleku, ludoteka, zerbitzu psikosozial eta osasun zerbitzuekin batera garatuko da, beste hainbat eragilerekin elkarlanean.

Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek azpimarratu dute plan hau epe luzerako apustua dela, eta komunitate osoaren inplikazioa funtsezkoa izango dela haur, nerabe eta gazteen ongizate emozionala indartzeko eta adikzioen prebentzioan aurrera egiteko.