2026rako Ordenantza fiskalen proposamena
Alde batetik, eguneraketa asimetrikoa izango da, hau da, ez da aplikatuko eguneraketa orokor bat tasa eta zerga guztietan. Udaleko zerbitzu bakoitzaren egoera ekonomikoa aztertu da, eta horren arabera egin da proposamena. Horrek esan nahi du, adibidez, zerbitzu batzuen tasek ez dutela igoerarik izango, eta beste batzuetan berriz, eguneraketa txiki bat aurreikusten dela, kostuen gorakadari erantzuteko, tasen kasuan.
Bestetik, udalak hobarien aldeko apustua egiten jarraituko du. Helburua da herritar guztiek zerbitzu publiko guztietara sarbide berdina izatea, egoera ekonomikoak ez dezan mugarik jarri. Gainera, orain arte ezarritako hobari-sistema egonkortu da eta pixkanaka zabaldu nahi da, gizartearen beharretara egokitzeko.
Udalaren ustez, funtsezkoa da kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko gaitasuna ez galtzea. Zerbitzu publikoen kostua gero eta handiagoa da, eta beharrezkoa da udalaren diru-sarrerak egokitzea.
Hauek dira arloz arlo hartu diren erabakiak:
- Ibilgailuen zerga eta haur eskolako zerbitzuari dagokionez, ez da igoerarik proposatzen.
- Hondakin kasuan, %0,5eko igoera proposatzen da. Igoera txikia da, zerbitzuaren kostu errealari erantzuten diona.
- Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (IBIa)n soilik %2ko igoera planteatzen da, KPI akumulatuaren azpitik.
- Ur zerbitzuari dagokionez, %2,3ko igoera izango du, baina igoera hori udalak hornitzaileari ordaindu behar dion prezioaren gorakadari dagokio soilik.
- Kiroldegiaren eta bestelako tasa txikien kasuan %2,9ko igoera aplikatuko da, Gipuzkoako azken KPI akumulatuaren arabera.
Aurtengo berrikuntza izan da komertzio berriei eta ekintzailetza zentroko erabiltzaileei laguntzak eskainiko zaiela. Lehen 3 urteetan, %95eko hobaria izango dute ura eta hondakinen tasetan. Neurri hau ekintzailetza eta merkataritza berriak sustatzeko da, udalerrian jarduera ekonomiko berriak errazteko.
2026an, udalak ordainketak frakzionatzeko aukera berria eskainiko du. Orain arte ordainketa bakarrean egin behar ziren zergak eta tasak, baina aurrerantzean, herritarrek, ala eskatuko balute zatika ordaindu ahal izango ditu. Neurri honek malgutasuna eta erosotasuna emango die familiei eta enpresei.