“Adur, adur, ez naiz zure beldur” areto literarioa, Aretxabaletako liburutegian
Aurten, seigarren aldiz, Gipuzkoan zehar aretoen zirkuitua antolatu du Galtzagorri elkarteak, eta horietako bat, “Adur, adur, ez naiz zure beldur”, Aretxabaletako liburutegira ekarriko dute gaurtik ostiralera arte. Bertatik Kurtzebarri Eskolako zein Almeneko ikasle taldeak pasako dira. Aretoa irekita egongo da baita liburutegiaren ordutegian ere, helduek eta familiek ere bertako liburuak eta arte-lanak ikus ditzaten eta horien inguruan hausnar dezaten.
Galtzagorriko literatur aretoak jolas literarioak dira, non haurrek modu aktibo batean hartzen duten parte, Galtzagorri elkarteko dinamizatzaile batek proposatzen dien jolasean. Hauetako bakoitzak gai zehatz bat jorratzen du, kasu honetan beldurra. Horretarako Juan Kruz Igerabidek idatzitako eta Aizkorri argitaletxeak argitaratutako Jonas eta Hozkailu Beldurtia liburua baliatuko dute.
Saioaren helburuak honakoak dira:
- Beldurraren trataera haur literaturan ezagutzea.
- Barruko mamuak eta kanpoko mamuak lantzea.
- Era horretako adierazpen literarioen ezagupena eta azterketa egitea.
- Haurrak beldurrari aurre egiteko literaturak eskaintzen dizkion tresnak ezagutzea. Maila sinbolikoan literaturak haurrari egiten dizkion ekarpenen jabe egitea.