Hondakinen kudeaketari buruzko erakusketa Aretxabaletara iritsi da

2012/09/19
Zaborrik onena sortzen ez dena dela gogoraraziz, udan hondakinen prebentziorako kanpaina egiten ari da Debagoienako Mankomunitatea. Kanpainaren ekintzetako bat plazan jarri duten erakusketa da.

Erakusketa hamabi hondakin-dorrek osatzen dute. Dorre-ilada batean, Mankomunitateko biztanle bakoitzak urtean zenbat hondakin sortzen duen dago irudikatuta, hondakin-motaren arabera. Ondoko ilaran, berriz, gauza bera erakusten da, baina Aretxabaletako datuekin. Horrekin, agerian geratzen da bilketa-sistemak ondorio zuzenak dituela emaitzetan.

hondak_Aretxabaleta.jpg

Hain zuzen ere, Debagoieneko mankomunitateak 2000. urtean ekin zion hondakinak gaika jasotzeari. Urtez urte hala batutakoen kopurua handitzen joan den birziklatze-tasa %30aren inguruan geldituta dago. Beste bilketa eredu bat duten herriek, berriz (Antzuolak edo Usurbilek, adibidez), birziklatze-tasa %80ra igo daitekeela erakutsi dute.

Bestalde, erakusketaren beste txoko batean, ikus daiteke zenbat diru gastatzen duen Mankomunitateak hondakinak zabortegira botata, eta zenbat eskuratzen duen, gaika jasotako materiala salduta.

Erakusketaz gain, kanpainak beste ekintza batzuk ere biltzen ditu, herritarrak informatzeko, hausnarketara bultzatzeko eta beste pauso bat ematera animatzeko helburuekin. Besteak beste, aurrerago hondakinen kudeaketari eta konpostatzeari buruzko diptikoak banatuko dituzte.