Aretxabaletak behin behineko aldaketak jarri ditu abian Araba ibilbidean eta Belorrietan, bide-segurtasuna irabazteko

2026/09/10
Aretxabaletako Udalak trafikoa baretzeko hainbat jarduketa gauzatu ditu Araba ibilbidearen eta Belorrietaren inguruan.

Aretxabaletako Udalak trafikoa baretzeko hainbat jarduketa gauzatu ditu Araba ibilbidearen eta Belorrietaren inguruan. Aldaketak behin behinekoak dira, garrantzi handiko obra zibilik gabe. Udalaren Mugikortasun Planaren barruan kokatzen dira, eta oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailuen segurtasuna hobetzera bideratuta daude, Planaren prestaketa-prozesuak berak lehentasunezkotzat identifikatu zituen lau puntu zehatzetan aplikatu dira.

Partaidetzatik jaiotako plana

Mugikortasun Plana partaidetza-prozesu zabal baten ondoren idatzi zen, non udaleko talde politikoek, adineko pertsonek, merkatariek eta udalerriko bestelako kolektiboek parte hartu zuten, 90 eskola-taldez gain. Diagnostiko horren gainean, hainbat proposamen landu ziren, eta ondoren herritarrekin kontrastatu ziren inkesta digital baten bidez, non 250 pertsonak parte hartu zuten. Orain Araba ibilbidean eta Belorrietan abian jarritako jarduketak prozesu horren fruitu zuzena dira.

Arazo komun bat duten lau puntu: abiadura

Aurretiko diagnostikoak lau puntu identifikatu zituen, non ibilgailuen abiadurak eta trafiko-bolumenak pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen zuten:

  • Farmaziaren bidegurutzea: oinezko-mugimendu handiko hiru zebra-bide ditu eta egunean 3.000 ibilgailu inguruk zirkulatzen zuten bertatik.
  • Basabeazpi ikastolako zebra-bidea: neska-mutilen eta bizikleten etengabeko igarobide-puntua da, eta bertatik egunean 2.400 ibilgailu inguruk zirkulatzen zuten, azken urteotan horri buruzko kexak jaso izan direlarik.
  • Araba ibilbidea, oro har: tarte zuzen eta zabala da, bederatzi zebra-bide ditu, eta bertan ibilgailuek abiadura altuak hartzen zituzten —puntu batzuetan, %80k 30 km/h-tik gora zirkulatzen zuen.
  • Belorrieta, Pausokaren parean: beste kale zuzen eta zabal bat da; Errekabarrenetik gorako aldapak sortutako inertziaren eraginez ibilgailuen %40k 30 km/h-tik gora zirkulatzen zuen.

Abiaduraren inguruan datu erabakigarria:: 30 km/h-tan harrapaketa bat hilgarria izateko probabilitatea %5ekoa da, baina %45era igotzen da 40 km/h-tan.

Lau helburu

Jarduketek lau helburu zehatzei erantzuten diete:

  • Araba ibilbidea errepide izatetik kale izatera eraldatzea, abiadura murriztuz eta oinezkoen segurtasuna handituz.
  • Farmaziaren bidegurutzean trafikoa murriztea, Mitarte Belorrietarekin (eta Portasolekin) eta Iralabarrirekin lotzen dituen oinezko-ibilbidea segurtasunez integratzeko.
  • Belorrietan, Pausokaren parean, abiadura murriztea, gaur egun ibilgailuek okupatzen duten espazioa aprobetxatuz, eremuan galdutako aparkaleku plazak konpentsatzeko.
  • Basabeazpiko zebra-bidea oinezkotzea, oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna bermatzeko.

Irizpide teknikoak

Jarduketak irizpide teknikoak jarraituz diseinatu dira, Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) gomendioak barne, eta lehendik ere Iturrigorri pilotalekuaren aurrean eta Kurtzebarri eskolan aplikatu den jarduketa-ildo berari erantzuten diote. DGTk gomendatzen duen bezala, neurriak funtsean errei-zabaleraren estutzean eta zigzag-ibilbideen sorreran oinarritzen dira, zirkulazio-abiadura murrizteko.

Udalak eremuko gaur egungo aparkaleku plaza kopurua mantentzea erabaki du. Jarduketak berak plaza batzuk desagerrarazten dituenez —Andramari eta Ilargi obrek eragindako galerari gehituko zaiona, jarduketa honekin zerikusirik ez duena—, plaza berriak gaitu dira jarduketaren barruan, galera horiek konpentsatzeko.

Behin behineko izaera

Aldaketak, behin behinekoak dira: ez dute garrantzi handiko obra zibilik ekarri, hain zuzen ere, planteatutako helburuak lortzen diren edo ez modu objektiboan, datu errealekin, baloratu ahal izateko. Datozen asteetan trafiko-datuak bilduko dira lau jarduketa-puntuetan, eta emaitzak publiko egingo dira. Datu horiekin, eta herritarrek egiten jarraituko dituzten ekarpenekin, Udalak azken erabakia hartuko du aldaketa hauen behin betiko konfigurazioari buruz, beharrezko diren egokitzapenak planteatuz.

Bide-segurtasunaren berehalako hobekuntzaz haratago, jarduketa hauek Aretxabaletako kaleek eta espazio publikoek nolakoak izan behar duten ikuspegi zabalago baten parte dira. Helburua da pertsonak erdigunean jartzen dituen mugikortasun-eredu batera pixkanaka aurreratzea, oinez eta bizikletaz mugimendu seguruagoak eta erosoagoak sustatuz. Ibilgailuek eguneroko mugikortasunaren zati garrantzitsu izaten jarraituko dute, eta zirkulazio- eta aparkatze-eremuak izaten jarraituko dituzte, baina abiadura 30 km/h ingurura murriztu ahala, bide publikoaren erabilerak hobeto orekatu daitezke, oinezkoek, txirrindulariek eta ibilgailuek espazio publikoa modu seguruago, atseginago eta udalerriko eguneroko bizitzarekin bateragarriago batean parteka dezaten ahalbidetuz.