Txino Dantza (Aratusteetan)

Aretxabaletako herrian sortutako dantza da. Gerra Zibilaren ondoren, denbora batez ospatu ez zen arren (dauzkagun datuen arabera 1934 urtetik), 1975 urtean berreskuratu zen ohitura. Berpizte honetan, doinua eta jantziak mantendu egin ziren; ez, ordea, abestiaren hitzak, lehengoak gaztelaniaz baitziren.

Dantza honek janzkera berezi eta zehatza eskatzen du: soinean, ehunezko tunika zuria (lehenagoko kamisoia); burua, aitzinako kapelarekin edota korapilatutako zapiarekin estalita, eta oinetan, lehenagoko moduko oinetakoak (abarkak, alpargatak…) eta galtzerdi ezberdinak. Horretaz gain, aurpegia ikatzarekin zikinduta eramaten da.

Tradiziozko dantza hau urte horretan Santa Ageda bilketan ibilitako neska-mutilek egiten dute, inauterietako igandean. Zenbait arrazoik bultzatuta, 2002tik aurrera, 13:00etan izan beharrean, 12:30ean egin izan da. Aipatzekoa da, neskak 1998 urtean hasi zirela dantza honetan parte hartzen.

Hamabi lagunek osatutako taldeak honako ibilbidea egiten du: udaletxetik irten, kale goienean buelta eman, eta errota zaharrera itzuli (orain osasun-zentroa dagoen lekura). Hau da, udaletxetik irten, Durana kaletik joan, Mitarte kaleko botikan buelta eman eta leku beretik itzuliz, hasitako leku berean amaitzen dute.

Bestalde, dantzariak txistulari-banda oso batek laguntzen ditu: lehenengo txistua, bigarren txistua, silbotea eta atabalak. Horiek guztiek inauteritako diana berezia jotzen dute.

Kantua

Dantzatzen duten bitartean, ondorengo kantu hau abesten dute dantzariek:

TXIN TXIN, TXIN TXIN
MAHATSA HELDU GABE DAGO
TXIN TXIN, TXIN TXIN
BAINA HELDUKO DA

TXIRIBITO TA ANDREA
JOAN ZIREN JATERA
TXIRIBITO HASERRETU TA
BOTA ZUN LAPIKU

Ohitura horri jarraituz, jaiari bukaera emateko, inauterietako asteartean "Txinoaren hileta" egiten da 1987az geroztik. Ekitaldi honetan, gaueko 22:00ak inguruan, herritarrak Mitarte kalean elkartzen dira, lutuz jantzita eta eskutan kandela bat dutela.

Hileta-martxak lagundurik, urte horretako Santa Ageda neska-mutilek zerraldoa herriko plazaraino eramaten dute. Plazan bertan, zerraldoa erretzen ari den bitartean, kandela guztiak zerraldora jaurtitzen dira.