Udalak eta Aretxabaleta Lagunkoiak adineko pertsonen bakardadeari aurre egiteko ekimenak sustatuko dituzte

2022/03/10
Martxoaren 16an Javier Yanguasekin hitzaldi-solasaldia izango da: “Zer irakatsi digu Covid-ek bakardadeari buruz?”. Eragileen arteko sare bat sortzea da helburua, bakardade egoerak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko eta, aldi berean, herritarrak sentsibilizatzeko.

Udalak eta Aretxabaleta Lagunkoiak adineko pertsonen bakardadeari aurre egiteko hainbat ekimen sustatuko dituzte. Alde batetik, ekimenak horrelako egoerak prebenitzera eta arintzera zuzenduko dira, eta, bestetik, herritarrak sentsibilizatzera, bakarrik sentitzen diren pertsonek jasaten duten sentimendu horri komunitatean erantzuna emateko.

Karmele Uribarri Gizartegintzako zinegotziak eta Pedro Etxebarria eta Juan Tomas Zabala Aretxabaletako Lagunkoia lantaldeko kideek elkarrekin egingo duten lana aurkeztu dute. Javier Yanguas gerontologo eta Psikologian doktoreak martxoaren 16an emango duen hitzaldiarekin hasiko dira aurrera eramango dituzten ekintzak.

Basotxon sortutako Aretxabaleta Lagunkoia plataformak bakardadeari buruz egin duen hausnarketan du abiapuntua ekimen honek, eta Udalak bat egin du honekin. “Udalaren helburua adinekoen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea da. Aurreko legealdian bakarrik bizi diren aretxabaletarren diagnostikoa egin genuen, haien benetako egoera ezagutzeko eta premien araberako erantzuna emateko. Ildo horretan ari dira lanean udal gizarte zerbitzuak eta, horregatik, interes handiz hartu dugu Aretxabaleta Lagunkoiak aurkeztu digun txostena”, azaldu du Karmele Uribarrik.

Gizartegintzako zinegotziak azpimarratu duenez, adineko pertsonak “bereziki ahulak izan dira” koronabirusaren pandemiaren aurrean. Osasun larrialdiko testuinguruak eragindako konfinamenduak  bakardade egoerak areagotu egin ditu, ezarritako isolamenduaren eta gizarte harremanik ezaren ondorioz. “Haien arreta eta ongizatea lehentasuna izan da Udalaren eguneroko zereginean”, nabarmendu du Uribarrik.  Inplikatutako eragileen arteko lankidetza sare bat sortzea ere defendatu du, adinekoen bakardadea prebenitzeko eta arintzeko. "Sozializazioa eta zahartze aktiboa eta osasungarria bultzatzeko jarduerak abian jarriko dira, eta baita herritarrak sentzibilizatzeko ere, bakardadea eta isolamendu soziala denoi dagokigun arazoa delako", adierazi du Uribarrik.

 “Datu gisa hartzen dugu 65 urtetik gorakoen erdiak baino gehiagok egoera hori igaro dutela edo egoera horretatik igarotzen direla. Aretxabaletan 65 urtetik gorako 1.500 pertsona baino gehiago bagara, 750 pertsona baino gehiago izan dira edo dira bakardadea pairatu (edo pairatzen) dutenak. Beraz, arazo garrantzitsu baten aurrean gaude", ohartarazi dute Etxebarriak eta Zabalak, Aretxabaleta Lagunkoiak egin duen hausnarketari helduz.

Etxebarriak eta Zabalak azaldu dutenez, sentitutako eta jasandako bakardade sentimenduaren eta errealitatearen jatorria “osasuna eta pertsona maitatuak galtzea, tristura, porrotaren sentimendua… izan daiteke, eta edonori gerta dakioke. Beraz, ona da egoera horretarako prestatuta egotea”.

Era berean, pandemiak bakardade egoerak errazten eta areagotzen dituen giroa sortu duela aipatu dute. "Distantzia soziala gordetzera bultzatu gaituzten zentzugabekeriak, familiarekin benetako harremanik ez izateak, kutsatzeko eta besteak kutsatzeko beldurrak, eta heriotzaren beldurrak isolamendura jotzea eragin dute, bakardadearen ernamuina", esan dute.

Hori dela eta, Etxebarriak eta Zabalak berretsi dute beharrezkoa dela herritarrak kontzientziatzea bakardade emozionalaren, nahigabearen eta sufrituaren arriskuaz. “Uste dugu guztion artean ahalegin indibidual eta kolektiboa egin behar dugula bakardadea pairatzen dutenen sozializazioa errazteko, banaka edo taldeka”, adierazi dute. Adin txikiagoetan prebentzioa lantzeaz gain, gizarte harremanak eta parte hartzeko aukera sustatzeko premian ere jarri dute arreta. Helburu horiek lortzeko erakundeen lankidetza eta inplikazioa aldarrikatu dute.

EKINTZAK

Hasteko, ¿Qué nos ha enseñado el Covid sobre la soledad? izenburuko hitzaldi-solasaldia egingo dute Javier Yanguas adineko pertsonen arretan adituak gidatuta.  Hitzaldia martxoaren 16an izango da Arkupeko Zaraia aretoan, 18:30etatik aurrera.

Halaber, Aretxabaleta Mugirekin lanean ari dira ibilaldien programaren bidez ariketa fisikoa eta bizitza osasungarria sustatzeko. Maiatzean, ordea, Aretxabaleta Lanbide Eskolaren eskutik, belaunaldien arteko jarduera bat antolatuko da orgak dituzten bizikletekin. Gainera, Udaleko gizarte zerbitzuak, Aretxabaleta Mugi eta Osasun Zentroa lanean ari dira pandemiarekin eten behar izan ziren erorikoak prebenitzeko tailerrei berriro ekiteko.

Martxan dagoen memoria tailerra eta Basotxotik bultza daitezkeen (edo bultzatzen diren) jarduerak (elkarrizketa mahaiak, mahai-jokoak, kantu eta dantza saioak, akonpainamendua…) dira beste ekimenetako batzuk.

Txostena HEMEN kontsulta daiteke eta Basotxon ere eskuragarri dago.