Txapel Txinek ongietorria emango die Aratusteei larunbatean

2022/02/16
Pregoia kalez kale egingo da, 18:30etik aurrera. Koadrilen desfilea izango da Aratuste igandeko egitarauaren ardatz. Ez da bazkari herrikoirik egingo. Udalak eta Atxabaltako Karnabalen Lagunek kaleak alaitasunez betetzera deitu dute, baina arduraz eta zuhurtziaz.

Aratusteetako lehen konpasak Txapel Txin Egunak ekarriko ditu larunbat honetan. Zortzi egun geroago, Aretxabaletako Karnabalen egun handian (otsailaren 27an), koadrilen desfilea izango da protagonista, Txino dantzak eta nerabeei zuzendutako ekintzek osatzen dute programaren barruan.

“Duela aste pare bat Aretxabaletak Aratusteak izango zituela iragarri genuen, baina osasun egoerara egokitutako programa batekin. Egoera aldatu egin da azken egunotan, osasun larrialdia eta indarrean dauden neurri nagusiak indargabetu dira, eta beste udalerri batzuk ere Inauteriak iragartzen hasi direla ikusi dugu”, adierazi du Unai Elkoro alkateak. Gainera, urte oso gogorren ondoren, “emozioak sortzen uzteko eta hainbeste behar ditugun Arastuteak bizitzeko unea” dela uste du alkateak, “ospakizun honek esanahi handia baitu atxabaltarrentzat”. Hala ere, Elkorok “prebentzioari eusteko eta zuhurtasunez jokatzeko” eskatu die herritarrei, “ezin dugulako ahaztu pandemiak gure artean jarraitzen duela”. Ildo horretan, azaldu du ekitaldi gehienak egitarauan mantentzen direla, baina beste batzuk ez direla egingo, bazkari herrikoiaren kasu.

Alkateak programaren xehetasunak eman ditu, Txapel Txinek, Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak, Inma Miguel Kultura teknikariak eta Leizarra musika eskolako ordezkariek ere parte hartu duten ekitaldian.

“Urtebeteko loaldi behartua eta gero, heldu da poliki poliki esnatzen hasteko momentua. Horregatik, Txapel Txin Egunerako egitarau xume baina ilusioz betetakoa antolatu dugu. Gogo handiz, baina beti arduraz, kalera irten eta gure herriko txokoetara hain beharrezkoa dugun alaitasuna eramateko sortutako programa da”, azaldu du Ibai Zangituk, Atxabaltako Karnabalen Lagunak taldearen izenean. Azpimarratu du, gainera, ordezkatzen duen taldea desiratzen dagoela “Aratuste domeka iris daitezen, horrela gure kaleak kolorez eta iribarrez beteta ikusteko”. Zangituk desfilean parte hartzera deia ere luzatu du, “egun batez lotsak alde batera utziz, irudimenari ateak irekiz eta kaleak hartuz, Karnabalak herriak egiten baititu”.

Leizarra Musika Eskolako dantzarien ikuskizuna

Bestalde, Leizarra musika eskolak ere bere Inauterietako ikuskizuna ospatuko du hilaren 25ean. Pirata mozorroak jantzita, musika eskolako ikasleek kalejira egingo dute Herriko plazatik Durana kalearen amaieraraino. Ondoren, Ibarra kiroldegian ikuskizuna aurkeztuko dute, 18:00etan hasita. Bederatzi taldetan banatuta, 85 dantzarik parte hartuko dute, txistulari, trikitilari eta gaiteroen laguntzarekin. "Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Errioxa eta Nafarroako dantza ezberdinak dantzatuko dituzte; talde bakoitzak banaka pieza bat taularatuko du eta, bukatzeko, guztiek batera hiru dantza eskainiko dituzte", zehaztu dute musika eskolatik.

Inma Miguel Kultura teknikariak programaren aurkezpenari jarraipena eman dio. Aipatu duenez, hilaren 26an, Inatueri bezperan, bolo-txapelketa jokatuko da.  Hurrengo egunean, txistularien diana eta Txino dantzaren ondoren, koadrilen desfilea hasiko da ohiko ibilbidearekin, 12:00etan. Sariak 18.45etik aurrera banatuko dira. Arratsaldean, Gesaltza txarangaren animazioa, DJa eta Santa Ageda neska-mutilen dantzak izango dira. Martxoaren 1ean, asteartean, Txin-en hiletarekin agurtuko dira aurtengo Aratusteak (20:00etan).

Bestalde, Kultura teknikariak gogorarazi du Inauterietako motiboekin apaindutako bi balkoi originalenak sarituko dituztela. Lehiaketan parte hartzeko izena eman behar da Arkupen, eta 100 euroko bi sari banatuko dira Aretxarteko dendetan gastatzeko.

Nerabeentzako hitzordua

Aisialdiaz modu dibertigarri eta osasungarrian gozatzeko jarduerak eskaintzen dituen Bixi proiektuaren barruan, igandean 12 urtetik gorako nerabeek hitzordua izango dute Kurtzebarri Eskolako kantxan. Zezen mekanikoa, bubble balls lehiaketa eta quads zirkuitua izango dituzte euren gozamenerako, 17:00etatik aurrera.

Kartel lehiaketako saria Iruñera joan da

Zortzi lan aurkeztu dira Udalak antolatu duen Aratusteen irudia aukeratzeko kartel lehiaketara. Oier Zuñiga Perez de Urabain iruindarrak irabazi du 250 euroko saria.

IKUSI EGITARAUA