Neguko inausketa kanpaina

2023/12/05

Urtero bezala, aurten ere udaleko lorezaintza zerbitzua herriko espaloi, parke eta lorategietako zuhaitzak inausteko denboraldiarekin hasten ari da.

Gure ingurune naturalak bizi-kalitatea eskaintzen die Aretxabaletan bizi diren pertsonei, eta hirigunean ditugun zuhaitzak eta lorategiak ere ingurune natural horren parte dira: ingurune atseginagoa eskaintzen digute, itzala ematen dute eta lurraren tenperatura murrizten laguntzen dute kale eta espaloietan, fauna aniztasun izugarrirako babesleku dira...

Udal zuhaitz guztien kudeaketa ez da beti modurik egokienean egin. Urteetan zehar erabili diren irizpideak eta landatzea ez dira beti egokienak izan. Horrek arazoak sortzen ditu zenbait eremutan, batez ere landatu diren zuhaitzek ez daukatelako behar adinako espaziorik duten tamainarako. Ondorioz, urtero inausketak egin behar ditugu kontrolatzeko, fatxadetan edo espaloietan eragin negatiborik izan ez dezaten. Alkorkeak ez dira egokiak, espaloiak altxatuta egoten dira, adarrak etxeetako leihoetaraino iristen dira, argi gutxi leku batzuetan...

Horregatik, garrantzitsua da egiten diren landaketa berriek irizpide argia izatea, eta irizpide horrek oinarrizko bi printzipio ditu: espezie autoktonoak lehenestea eta dagoen espaziora egokitzea.

"Heredatutako" arboladiari dagokionez (orain daukaguna), beharrezkoa iruditzen zaigu inausketa irizpideak egokitzea, zuhaitzen garapen egokia, herritarren ongizateari egiten dioten ekarpena hobetzea eta inguruko etxebizitzekin bateragarriak izatea bermatu ahal izateko.

Helburu horiekin, datozen urteetan aldaketak egingo ditugu bai inausketan, bai ale batzuk ordezkatzean, honako irizpide hauen arabera:

  1. Kasuan kasuko espeziea garatzeko leku nahikoa duten eremuetan, garapen librea utziko da, baina kontrolarekin. Betiere, espezie bakoitzaren egokitzapen indibidualizatuarekin.
  2. Lekurik ez dagoen edo fatxadak hurbil dauden eremuetan, urtean behin edo bi urtean behin inausiko dira. Denborarekin, eta ale bat baino gehiago ordezkatu behar izanez gero, horien ordez, dagoen espaziorako egokiagoa den espezie bat jarriko da.
  3. Kasu batzuetan, udal-zerbitzuek hala uste dutenean, ale batzuk moztu edo ordezkatu egingo dira fatxadetatik gertu daudelako, herritarrentzat arriskutsuak direlako edo garatzeko lekurik ez dutelako.

Inausketa garaian egingo diren aldaketa horiek guztiek udal teknikarien eta kanpoko aholkularien babesa izango dute beti, plan bat eta finkatutako irizpide batzuk izatea helburu dutela. Aldaketa horiek guztiek herritarren iradokizun eta eskaera ugaritan ere oinarritzen dira, eta hartzen den erabaki bakoitzean kontuan izaten jarraituko da.

Klima-aldaketaren erronkak gure ingurunea ikusteko modua aldatzera behartzen gaitu. Gure kaleetako zuhaiztia ongizatearen eta osasunaren bermea da, eta horren arabera jokatu behar dugu.