Kulturak hartuko du kalea datozen asteetan

2022/05/25
20 bat hitzordu izango dira maiatzaren 29tik ekainaren 22ra, 'Dantzastea' eta `7x7 Kultura Kalean programen eskutik. Leizarra Dantza Taldearen Egunak zabalduko du datorren igandean Dantzastea. Egitaraua estilo desberdinen eta herriko taldeen erakusleiho izango da. Bihar Txontxongilo Taldea, Ameztu Produkzioak, Hutsun eta Ortzi, eta Erre Produkzioak konpainiek, Harresian Zulo musika talde gasteiztarrarekin batera, '7x7 Kultura Kalean' programan parte hartuko dute.

Dantza, musika eta antzerkia erakargarri direlarik, kultura kalera irtengo da datozen asteetan. Dantzastea eta 7x7 Kultura Kalean programek hogei bat hitzordu eskainiko dituzte adin guztiei zuzenduta, zazpi agertokitan: Herriko plaza, Durana, Mitarte, komentuko lorategia, Kurtzebarri Eskolako kantxa, Iralabarri plaza eta Santa Kurtz plaza.

Bihar Txontxongilo Taldea, Ameztu Produkzioak, Hutsun-Ortzi eta LaRutan konpainiak izango dira protagonista herriko hainbat talderekin batera, horien artean, Leizarra Musika Eskolako banda, Jaiki Elkartea, Basotxoko areto eta plaza dantzak taldeak, eta Auzoko programako partaideak.

Maiatzaren 29tik ekainaren 22ra bitartean egingo diren kultur ekitaldien xehetasunak eman dituzte Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak, Inma Miguel Kultura teknikariak, Jaiki Elkarteko Maier Etxebarriak, eta Leizarra Musika Eskolako bandako zuzendari den Jon Lopezek. Aurkezpenean ekitaldietan parte hartuko duten taldeen ordezkariak ere egon dira.

Ainhoa Cabero zinegotziak azaldu duenez, “kultura izan da eta da gure kaleei giroa eta bizitza itzultzeko antidotorik onena”. “Azken bi urte hauetan, eta egokitu behar izan ditugun mugak gorabehera, kulturak ez du etenik izan herrian. Orain, egoera normalizatuarekin, jarduerak berreskuratzen ari dira, eta beste batzuk, iaz antolatu zirenak, ohiko formatuetan itzuliko dira, hala nola, 7x7 Kultura Kalean programa”, gaineratu du Caberok.

Kultura zinegotziak nabarmendu du, gainera, datozen asteetan egingo diren ekintzetan eta ikuskizunetan herriko taldeek parte hartuko dutela. "Horrek erakusten digu nolako kultur aberastasuna dugun Aretxabaletan", adierazi du.

Era honetan, hiru urteko etenaldiaren ondoren, dantzari eskainitako astea berriro ospatuko da. Estilo ezberdinez gozatzeko aukera egongo da: areto dantzak, euskal dantzak, rueda cubana, munduko dantzak, dantza urbanoak, garaikidea…

“Programa xume baina anitza antolatu dugu. Oso urrutira joan gabe, Aretxabaletan ditugun taldeak kalera atera eta egiten dutena ezagutzera emateko: Basotxoko areto eta plaza dantzak; Auzokoko kideek munduko dantzen saioa egingo dute; ikasturtean zehar Jaiki Elkarteak ematen dituen dantza inprobisatua eta swing ikastaroen erakustaldia; euskal dantzak Leizarra musika eskolako dantzari helduekin; eta rueda cubana eta kizomba, Gema Iñiguez aretxabaletarra partaide den taldeen eskutik”, zehaztu du Maier Etxebarriak. Aipatzekoak dira, halaber, Bergarako Camden Dance Studiok eskainiko duen dantza urbanoen ikuskizuna; LaRutan dantza garaikideko konpainiaren parte-hartzea talde gonbidatu gisa, eta Dantzasteari amaiera emateko, ekainaren 4an Gozategik girotuko duen dantzaldia.

Leizarra Musika Eskolako Marian Uribesalgok gogoratu dutenez, badira urte batzuk maiatzeko azken igandean Haurren Eguna ospatzen dela. “Aurten, ordea, ez da beste herri batzuetako dantzaririk etorriko, baina musika eskolako talde guztiek hartuko dute parte, txistulari, gaitero eta trikitilariekin batera. Horregatik, jaiari Leizarra Dantzari Eguna izena jarri diogu”, esan du Uribesalgok.

Leizarra Musika Eskolako bandako zuzendariak, Jon Lopezek, gogorarazi du taldeak 7x7 Kultura Kalean programaren baitan jo zuela bere lehen kontzertua. “Banda 13 eta 50 urte bitarteko 25-30 musikarik osatzen dute. Gehienak musika eskolako ikasleak diren arren, herriko beste musikari batzuek ere parte hartzen dute”, aipatu du Lopezek. Ekainaren 17an eskainiko duten kontzertuan estilo desberdinak entzungai ere izango direla aurreratu du zuzendariak: klasikoa, euskal kanta, rock, musika bandetarako konposizioak eta filmetako soinu bandak.

Dantzastea (Jaiki Elkarteak antolatuta, Udalaren laguntzarekin):

EGITARAUA

7x7 Kultura Kalean:

EGITARAUA