Hornidura eta saneamendu sareak berritzeko lanak aurten hasiko dira Santakurtzen, kalearen berrurbanizatzearekin batera

2021/03/17
Proiektua dagoeneko aurkeztuta dago eta aurreikusitako aurrekontua 2,3 milioi euro baino gehiagokoa da. Asmoa lanak “maiatza eta ekaina” bitartean lizitaziora ateratzea da, irailean hasteko.

Udalak prest du Santakurtz kaleko hornidura eta saneamendu plan bereziaren proiektua. Sare horiek berritzeaz gain, kalea berrurbanizatu egingo da, irisgarritasun irizpideei jarraituz. Lanak irailean hasi nahi dituzte eta exekuzio-epea hamabi hilabetekoa izango da.

Jarduera eremuak -Santakurtz kalean eta haren inguruetan- Kurtzebarri eskolako eraikinaren amaieratik kuartelaren ondoan dagoen erdi-biribilgunera bitarteko ibilbidea hartzen du. Aurreikusitako kostua 2,3 milioi eurotik gorakoa da, baina behin betiko zenbatekoa obrak esleitutakoan zehaztuko da.

Hirigintza zinegotzi den Xabi Otxoak Santakurtzeko proiektuari “lehentasuna” eman nahi izan diotela azpimarratu du, “kale horretan saneamendu eta hornidura sareak berritzea beharrezkoa baita”. Proiektu hau, gogorazi duenez, 2007an hasi zen lantzen. “Era berean, espazio publikoak hobetzen jarraitzeko eta oinezkoentzat atseginagoak izateko apobetxatuko da esku-hartze hau, irisgarritasunean eta bide segurtasunean irabaziz. Kalean jada eginda dagoen bidegorriari jarraipena ere emango dio”, gaineratu du Otxoak.

Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, lanak “maiatza eta ekaina bitartean” aterako dira lizitaziora, abuztuko oporretatik bueltan martxan jartzeko. “Kuartelaren ondoko erdi-biribilgunean hasiko dira, Kurtzebarri eskolarako norabidean, zatika eginez. Gure asmoa eskola inguruko lanak 2022ko oporraldian egitea da, ahalik eta kalte gutxien eragiteko”, adierazi du Otxoak.

Inbertsioari 2021eko (aurten 1.508.900 euro bideratu dira) eta 2022ko aurrekontu-ekitaldietan egingo zaio aurre.

Auzotarren ekarpenak

Asmatu Ingeniaritzak diseinatutako proiektua Santakurtzeko bizilagunek iaz Udalak egin zuen parte-hartze prozesuan gehien bozkatutako alternatibatik abiatu da. Kaleko bizilagunek aparkaleku gehien (150) eskaintzen zuen aukeraren alde egin zuten, oinezkoentzako eremu zabalak eta nahikoak ziurtatuz, horrela irisgarritasun araudia betetzeko.

Egingo den esku-hartzeak oinezkoen eremuak eta ibilgailuen trafikoa mugatuko ditu, hainbat material erabiliz. Espaloiak bi metro zabal izango dira gutxienez, eta txorkoak egokituko dira zuhaitzak landatu ahal izateko. Bidegorriak ere bere ibilbidea jarraituko du kuarteleko erdi-biribilguneraino, eta galtzadaren zabalera txikituko da (kalearen amaieraraino jaisten den eskuineko aldeko espaloia zabaltzean), ibilgailuen abiadura murrizten laguntzeko.

Urbanizazio lanen aurretik, hornidura eta saneamendu sareak ordezkatuko dira. Horrela, saneamendu urak eta dranaitze urak bereiziko dira, putzu berriak eta kanalizazio berria eraikiz. Edateko uraren hornidura sareari dagokionez, egungo hodien (fibrozementua) ordez galdaketa harikorreko sare berri bat jarriko da, diametro handiagoa izango duena, eta etxebizitzetarako hartuneak lortuko dira, polietilenozko hodi txikiagoen bidez.

Argiteria sareak ere eguneratu egingo dira led argi berriak jarriz, baita telekomunikazioak ere (gaur egun airetik igarotzen diren zatiak kenduko dira). Obrak hiri-altzari berriekin osatuko dira: bankuak, farolak eta zakarrontziak.

Behin-behineko aparkalekua Tubos-en orubean

Bestalde, obrak egiten diren bitartean kenduko diren aparkalekuak konpentsatzeko, behin-behineko aparkaleku bat egokituko da Tubos enpresa izandako orubean. Lurraren jabe den Ortuzal enpresak Udalari utziko dio espazio hori eta 76 plaza inguru atonduko dira.