Herritarrek hiru aukeraren artean bozkatu ahal izango dute kiroldegiko berdegunea hornitzeko

2022/06/12
Bozketa fasea ekainaren 13tik 17ra izango da, aurrez aurre Arkupen eta online. Bi proposamen zelaira mugatzen dira, kirol eta aisialdi instalazioekin. Hirugarren aukerak, aldiz, ingurunea oinezkoentzat egokitzea ere proposatzen du.

Ibarra kiroldegiaren aurrean dagoen berdegunea hornitzeko hiru aukeren artean bozkatu ahal izango dute herritarrek ekainaren 13tik 17ra bitartean. Sei urtetik gorako aretxabaletar guztiek eman ahal izango dute botoa.

Unai Elkoro alkateak, Koldo Zubillaga kirol zinegotziak eta Ibai Larrabe udal arkitektoak maiatzaren 12an hasitako parte-hartze prozesuaren xehetasunak aurkeztu dituzte. Bilera irekia izan zen hura, eta bertan parte hartu zuten aretxabaletarrek, hiru lan-mahairen inguruan banatuta, aukera ezberdinak proposatu zituzten kiroldegiko zelaian libre geratzen den espazioa osatzeko.

«Herritarrek berdegune hori nola hornitu erabakitzea nahi dugu. Maiatzean egindako bileran mahai gainean jarri ziren proposamenak ikuspuntu teknikotik aztertu dira, bideragarritasuna ebaluatuz eta hiru aukera posibletan egokituz”, azaldu du Unai Elkoro alkateak. Aretxabaletarrak euren botoarekin prozesu honetan parte hartzera ere animatu ditu Elkorok.

Bestalde, Koldo Zubillaga kirol zinegotziak 2021eko aurrekontuetan jada jaso zutela parte-hartze prozesu hori gogoratu du. Hala ere, Zubillagak zehaztu du atzeratu egin behar izan zutela, "pandemiak aurrekontuak berrantolatzera eta lehentasunak ezartzera behartu zuelako, sortzen ari ziren beharrei erantzuteko”.

Kirol zinegotziak gaineratu duenez, aurten proiektu honi heldu nahi izan diote, “abian jarri dugun parte-hartze prozesu berri baten barruan, aisialdiaz eta kirolaz gozatzeko espazio honen erabilerak nola osatu adosteko”. Zubillagak azpimarratu du, gainera, bozketaren emaitzak ezagutu arte “itxaron beharko dela exekuzio-epeen estimazioa eta plangintza egin ahal izateko, alternatiba bakoitzaren dimentsioa eta kostua desberdina baitira”.

Hiru aukera:

Beraz, herritarrek hiru aukeraren artean eman ahal izango dute botoa:

1.- Jarduera zelaira mugatzen da. Eremu zuhaiztia, ur jolasak, mahaiak eta lasai egoteko lekua proposatzen dira, kirol ekipamendu txikiekin batera (kalistenia, ping-pong eta mahai-jokoak). Inguruneko antolamendua mantentzen da, aparkaleku kopurua aldatu gabe.

2.- Eremuaren kirol izaera indartzea proposatzen da, aire zabaleko ekipamendu gehiago eta estaliak jarriz. Horrela, zelaian kirol anitzeko pista bat irekia eta beste bat estalia, ping-pong mahaiak, kalistenia, minibasket kantxa bat eta padel pista estaliak jarriko lirateke. Inguruan aparkatzeko plazak ere mantentzen dira.

3.-Asmo handieneko proposamenak berdegunean lasai egoteko gune bat egokitzea, zuhaitzekin, mahaiekin eta ur-jolasekin planteatzen du. Era berean, kirol ekipamendu txikiak aurreikusten dira: kalistenia, ping-pong eta mahai-jokoak. Esandako guztia lehen proposamenarekin bat dator. Gainera, Markole auzoaren ingurua oinezkoentzat izango litzateke; beraz, aparkalekuak Aretz tabernaren eta futbol 7 zelaiaren arteko espazioan kenduko lirateke. Araba Ibilbidetik Markole auzora doan bidea ere ibilgailuentzat moztuko litzateke. Zirkulaziorako itxierari esker, oinezkoentzako espazioa handitzeaz gain, padelerako edo beste kirol modalitate batzuetarako ekipamendu estaliak kokatu ahal izango dira Ibarrako futbol zelaiaren ondoan.

Nola bozkatu:

  1. Bozkatu ahal izango dute: 6 urtetik gorakoak (2016.urtean jaiotakoak barne). Derrigorrezkoa da Aretxabaletan erroldatuta egotea.
  2. Non bozkatu: Arkupen bertan, edo online formulario baten bidez helbide honetan: https://forms.office.com/r/57vv3p5beb (www.aretxabaleta.eus webgunean jarriko den link-aren bidez eta mugikorretik).
  3. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du hiru aukeren artetik baten alde.
  4. Bozkatzeko ondoko datuak behar dira: NAN zenbakia eta jaiotze data. NAN ez duten adingabeek Arkupen bertan emango dute bozka, gurasoek lagunduta.
  5. Botoa baliogabetzat joko da honako kasu hauetan: boto-emailea identifikatzeko eskatutako datuak ez aurkeztea; boto bikoiztua dagoenean, eta herrian erroldatuta ez egotea.