Aretxabaletan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobetzeko erakundeen arteko koordinazioa indartzeko tokiko protokoloa berritu du Udalak

2023/04/21
Aurkezpena apirilaren 26an izango da Arkupen. Lan-tresna honek erakundeen arteko lankidetza sarea indartzen du, hezkuntzaren, gazteriaren, gizarte zerbitzuen eta osasunaren esparruetan.

Aretxabaletako Udalak tokiko protokoloa berritu du herrian indarkeria matxistaren aurkako prebentzioa eta esku hartzea koordinatzeko helburuarekin. Dokumentua hainbat erakunderen arteko lankidetza-konpromisoa da, hezkuntzaren, gizarte zerbitzuen, gazteriaren eta osasunaren arloetan, eta emakumeen aurkako indarkeria-kasuen aurrean jarduteko eta koordinatzeko jarraibideak ezartzen ditu.

Lan-tresna horrek lau ardatz nagusi ditu: indarkeriarik gabeko bizitzak; segurtasuna eta biktimen babesa; ahalduntzea eta erreparazioa, eta adingabeak. Gainera, Udaleko Berdintasun Sailak azaldu duenez, “protokoloa etengabeko prozesua izango da, eta formakuntza, hobekuntza, ikuspuntu kritikoa eta eragileen arteko koordinazioa hartuko ditu bere gain”. Aurkezpena herritarrei irekitako ekitaldi batean egingo da apirilaren 26an Arkupen, 18:00etatik aurrera.

Sortzen aholkularitzaren gidaritzapean, protokoloaren zehaztapenean Gazteria, Berdintasuna eta Gizarte Zerbitzuetako udal sailek, Almen-Arizmendi ikastolak, Kurtzebarri eskolak, gaztelekuko hezitzaileek, osasun zentroak eta ERDU talde feministak parte hartu dute.

2011n, indarkeria matxistaren inguruko arreta eta koordinazioa hobetzeko beharraren ondorioz, emakumeen aurkako genero indarkeria eta sexu-abusu kasuetan erakundeen arteko elkarlana bultzatzeko I. Protokoloa sinatu zen. Udalak, Debagoieneko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuak, Osasun Zentroak eta Bergarako Ertzain-etxeak sinatu zuten. Bi urte geroago, 2013an, koordinazio-mahaiak dokumentu berri bat adostu zuen, erakundeen arteko elkarlanaren helburuak eta baldintzak jasotzen zituena.

Era berean, indarkeria matxistaren arloko Berdintasunerako II. Udal Planak honako helburu hauek ezartzen ditu: herritarrak informatuta izatea, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko mekanismoak abian jartzea, eta emakumeen segurtasuna indartuko duten ekintzak sustatzea.

Protokoloa berritzeko beharra, halaber, azken urteetan udal-arretako prozeduretan eragina izan duten lege-aldaketetan oinarritzen da, egungo egoerari hobeto erantzuteko. Aldi berean, inplikatutako eragileen arteko sareko lana indartu nahi da biktimei ahalik eta erantzun onena emateko, gida eta laguntza gisa balioko dieten jarraibideak eskainiz.