Administrazio kontratuetarako hizkuntza baldintzak

2013/02/11
Udalaren administrazio kontratuetan txertatu beharreko hizkuntza baldintzak onartuta.

Urtarrilaren 28an egindako ohiko osoko bilkuran, bertaratutako zinegotzi guztien aldeko botoarekin, kontratazioetarako hizkuntza irizpideak eta horiek ezartzeko prozedura onartu zituen Udalbatzak.

Aretxabaletako Udalak lehendik ere onartuta zituen kontratazioetarako hizkuntza irizpideak, baina orain hizkuntza baldintzak eskatzeaz gain, horiek ezartzeko prozedura ere finkatu da, eta baldintzak zenbateraino betetzen diren ikusteko jarraipena egingo da.

Hizkuntza irizpideek kontratu mota guztiei eragingo diete (obra kontratuei, herri-lanen emakidei, zerbitzu kontratuei, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuei, kontratu bereziei eta hornidura kontratuei), eta honakoa arautuko dute, besteak beste:

  • Zerbitzu hizkuntza zein izango den
  • Zerbitzu kontratuetan enpresako langileei eskatuko zaien hizkuntza gaitasuna
  • Hizkuntza paisaia zein hizkuntzatan izango den (errotuloak, oharrak, seinaleak, megafonia, esku-orriak, softwarea...)
  • Herritarrei harrera nola egingo zaien
  • Administrazioarekin harremana zein hizkuntzatan izango den

 

Gainera, bide berri bat ere urratu nahi izan da, eta elebitasuna bermatuko duten baldintzak lantzeaz gain, prestazioaren berezko ezaugarriek aukera ematen duten kasuetarako, kontratua euskara hutsean gauzatzeko baldintzak ere jaso dira.

Neurri hauek Aldundiak, UEMAk eta zortzi udalerrik lankidetzan egindako lanaren emaitza dira (Aretxabaleta, Azpeitia, Bergara, Eskoriatza, Oiartzun, Lezo, Tolosa, Zarautz), eta udalen kontratazio politikan sumatzen zen hutsune bat betetzera datoz: udaletako kanpo kontratazioetan hizkuntza baldintzak aplikatzeko estandarizazio falta. Orain arte, hizkuntza irizpideak bere erara erabili izan ditu udal bakoitzak, baina orain, modu bateratuan adostutako protokoloen bidez, erakundeen lana eraginkorragoa izango da. Era berean, hizkuntzari dagokionez, enpresek ere kontratazio marko bera izango dute udal guztietan.

Dagoeneko, Gipuzkoako 40 udal erakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin dute ekimen honekin, eta horietako guztietako kontratazio publikoetan, enpresek hizkuntza irizpideak bete beharko dituzte aurrerantzean.