Udalak sei zaintza kamera jarriko ditu segurtasuna hobetzeko

2019/09/17
Komentuko lorategian, pilotalekuan eta futbol 7ko zelai berrian jarriko dira.

 

Aretxabaletako Udalak herriko hainbat lekutan zaintza kamerak jarriko ditu ekintza bandalikoak ekiditeko asmoz. Udal Gobernuaren esanetan, “segurtasun neurri” bezala hartutako erabakia izan da, gerta litezkeen “bandalismo ekintzak kontrolatzeko balio izango duelarik”.

“Ekainean Santa Rita komentuan Kurtzebarri institutuak erabiltzen duen geletan sartu ziren. Teknologia tailerra dute han, eta materiala apurtu eta lapurtu zuten, baita inguru guztia zikindu ere pinturarekin”, azaldu du Unai Elkoro alkateak.
Gertakizun horren ondorioz, komentuko lorategia itxita egon da. “Aukera desberdin batzuk aztertu ditugu, horien artean, eraikineko lehen solairuko leihoetan burdin hesiak jartzea, baina azken horiek kamerak baino garestiagoak dira”, zehaztu du alkateak. Beraz, hartutako neurriak “bandalismoari aurre egitea du helburutzat”, azpimarratu du Elkorok.

Komentuko lorategian bi bideozaintzarako kamera instalatuko ditu Udalak, sarrera bakoitzean bana, eta kontrol-zentroa Udantzaingoaren bulegoetan jarriko dute. Sistema berri hau beste bi azpiegitura publikotara zabalduko da, Iturrigorri pilotalekura -hemen pintadak saihestea da xedea-, eta baita kiroldegi ondoan eraikitzen ari den futbol 7ko zelaira ere. Bi esparru hauek bi kamera izango dituzte baikoitzean.

Hornikuntza kontratatzeko prozesua abian dago eta, horretarako, 10.000 euro inguruko inbertsioa aurreikusten da. Bideozaintza sistema hau “hilabete honen bukaerarako edo urriaren hasierarako” martxan egotea espero dute udal arduradunek.