Mikel Gartziarenak Karmele Igartua sorkuntza beka irabazi du

2020/01/02

 

Hamasei lan irakurri eta baloratu ondoren, epai-mahaiak aho batez erabaki zuen. 2019ko KARMELE IGARTUA SORKUNTZA BEKAren saria Mikel Gartziarena San Polikarpori ematea , Harrak izeneko ipuinagatik. Epai-mahaikide guztiek berretsi dute lan hau irakurtzea plazer handia izan dela, bai hizkuntza mailagatik eta baita tentsioari eusteko modu biziagatik, eta baita oinarrian darabilen metaforagatik ere. Maleta, izerdia, ikuskaria, txartelak topatzen ez, sekretak… Misterioa eta originaltasuna nabarmendu nahi izan dira. Sari honen irabazleak 2.500 euroko saria jaso du, eta lana www.idazten.com orrian argitaratuko da.

Bestalde, lanaren kalitatea baloratuz, epaimahaiak bi aipamen egitea proposatzen du. Lanaren kalitateari begira Itxarongela eta Elur gorrituaren egunak nabarmendu nahi ditu epai-mahaiak. Itxarongela lanaren egilea Andrea Losada Garate da eta Elur gorrituaren egunak lanaren egilea, berriz, Amaia Telleria Mujika.

Irabazleei eta aipamena jaso dutenei Bergarako IDAZLE ESKOLAK eskaintzen dien sariak dira bere lanak www.idazten.com orrian argitaratzea, alde batetik, eta bestetik, 2020 urtean IDAZLE ESKOLAK antolatutako edozein modulutan parte hartzeko aukera, matrikularik ordaindu gabe.

Aretxabaletako Udalak eta Bergarako Idazle Eskolak laugarren aldiz antolatu dute elkarrekin Karmele Igartua Sorkuntza Beka. Aurreko urteetako irabazleak honakoak izan ziren: Alaitz Olaizola, Sugegorriak izeneko haurrentzako antzerkiarekin (2016); Uxue Arzelus Paris izeneko gidoi-lanarekin (2017), eta Miren Peñagarikanok Nik kontrolatzen dut makina poema-liburuarekin (2018).

Iñaki Zubeldia, Pako Aristi eta Itziar Gomez epai-mahaiko kideak izan dira.