Aretxabaletan zorrak atzeratu eta zatikatzeko aukera izango da laster, ordenantza berriari esker
Aretxabaletako Udalak, uztailaren 15ean egindako Osoko Bilkuran, hasierako onarpena eman zion zorren ordainketa atzeratu eta zatikatzeari buruzko udal ordenantza berriari. Ordenantza horren bidez, orain arte ez bezala, babes juridikoa emango zaie zorra atzeratu edo zatikatu nahi duten herritarren eskaerei, horiek onartu ahal izateko.
Ordenantzak zenbateko eta epe ezberdinak ezartzen ditu, zorra borondatezko epean edo aldi exekutiboan dagoen kontuan hartuta.
Ordenantza uztailaren 24an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta ordutik jendaurreko epean egon da, edonork erreklamazioak aurkeztu ahal izateko.
Erreklamaziorik aurkeztu ez bada, ordenantza behin betiko onartutzat joko da, eta onarpen hori berriro ere GAOn argitaratu beharko da, indarrean sartu ahal izateko.
Udalak aurreikusten duenez, prozesu horiek guztiak bete ondoren, irailaren amaierarako indarrean egotea espero da ordenantza, eta, beraz, orduantxe hasiko dira herritarrak beren zorrak atzeratzeko edo zatikatzeko eskaerak egiten.
