Udalak beste 1.200 bonu aterako ditu herriko denda, ostalaritza eta enpresa txikietan gastatzeko

2020/06/26
Uztailaren 1etik aurrera jarriko dira salgai Arkupen

Udalak 1.200 bonu aterako ditu herriko dendetan, ostalaritzan eta enpresa txikietan kontsumoa sustatzeko. Koronabirusaren krisiak eragindako kalteak arintzeko helburuarekin abian jarri ziren tokiko ekonomia suspertzeko neurrien barruan bonu horien hirugarren txanda da.

Bonuak datorren asteazkenean, uztailak 1, jarriko dituzte salgai Arkupen, 9:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Orain arte bezala, horietatik mila 50 euroko taloitegietan salduko dira, bakoitza bost euroko hamar txartelekin. Erosleak 40 euro ordainduko ditu eta gainerako %20a (10 euro) Udalaren kontura izango da. Beste 200 bonu bost euroko taloitegietan egongo dira eskuragai, 50 zentimoko hamar txartelekin.

Lehen hamabost egunetan atxabaltarrek lehentasuna dute, baina bigarren hamabostalditik aurrera beste herri batzuetako bizilagunei ere aukera zabalduko zaiela gogorarazi du Udalak.

Abuztuan ez da bonurik salgai jarriko, eta ekimenari berriz ekingo zaio irailetik urte amaierara arte.