12,5 milioi euroko aurrekontua onartu da, 2020an baino %24,4 gehiago

2021/03/02
Inbertsioetara 2,8 milioi euro baino gehiago bideratuko dira, bi proiektu estrategikori aurre egiteko: komentuan egokituko den adinekoentzako gizarte zentroa, eta Santa Kurtz kaleko hornidura eta saneamendu plana.

Aretxabaletako Udalaren aurrekontua 12.551.690 eurokoa da aurten, 2020an baino %24,4 gehiago. Udal Gobernuaren aldeko botoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu dira kontuak.

2021erako aurrekontuak bi proiektu “estrategikoren” aldeko apustua islatzen du: komentu zaharrean kokatuta egongo den adinekoentzako gizarte zentroa, eta Santa Kurtz kaleko saneamendu eta hornidura lanak.

Udalaren diru-sarreren murrizketa konpentsatzeko 2.734.669 euroko kreditua eskatuko da gehienez (zenbateko zehatza 2020ko ekitaldia likidatu ondoren zehaztuko da), Unai Elkoro alkatearen hitzetan, legealdiko proiektu “estrategikoak” gauzatzeko, “murrizketarik gabe oinarrizko zerbitzuak mantenduz eta indartuz”.

Alkateak azaldu duenez, “zuhurrak” izan dira aurrekontuak egiteko orduan, eta aurreikuspenen arabera, kreditua “legealdi amaierarako” likidatuko da Udala “zorrik gabe” uzteko.

Bestalde, EH Bilduko bozeramaile den Ion Albizuk “oso itxitzat” jo du EAJk aurkeztutako aurrekontua, ekarpenak egiteko “tarte txikia” uzten baitu. Aurkeztu dituzten enmendakinei dagokienez, “xumeak eta egingarriak” direla esan du. Koalizioak egindako ekarpen batzuk aurrekontuetan sartu dira: kiroldegian eguzki plakak jartzea eta paseatzeko zenbait bide hobetzea.

Inbertsioak:

2.888.200 euro bideratuko dira. Jarduera aipagarrienak hauek dira:

1. Santa Kurtzeko hornidura eta saneamendu plana, urbanizazioaren hobekuntza barne: 1.508.918 euroko partida bideratu da. Obrak auten hasiko dira eta proiektu osoa 2,3 milioi euro ingurukoa izango da.

2. Komentuan kokatuko den adinekoentzako gizarte zentroaren obren lehen fasea: 491.975 euro. Lehen fasea 1,8 milioi eurokoa izango da eta komentuko beheko soilaruan egingo dira lanak: Basotxo jubilatuen egoitza eta estimulazio kognitiboko tailerrak. Kaperan erabilera anitzeko aretoa ere egokituko da.

3. Kurtzebarri Eskolako eraberritzearen lehen fasea: 307.517 euro. Haur Hezkuntzako gelak eraberrituko dira.

4. Kiroldegiaren aurrean dagoen berdegunerako erabileren definizioa: 25.000 euro.

5. Kiroldegiko eguzki plakak: 116.000 euro.

6. San Miguel de Bedarreta auzoan irisgarritasuna hobetzea: 29.000 euro.

7. Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) definitzea: 72. 270 euro.

8. Behin-behineko aparkalekua “Tubos”-en orubean: 48.400 euro.

9. Ostalaritzako lokaletan terrazak jartzeko diru laguntzak: 90.000 euro.