Maiatzeko kultur egitarauak Zaraia aretora eta kalera gerturatuko du bere eskaintza

2022/04/29
Antzerkia, musika, ipuin kontaketa musikatu bat, eta UDA areto futboleko taldeari buruzko dokumentala izango dira Arkupeko programaren ardatz. Otala Zelai, Artzain Txakur Txapelketa, Txakolin Eguna eta Leizarra Dantza Taldearen Eguna ere ospatuko dira.

Zaraia aretoa eta kalea izango dira maiatzerako antolatu den kultur egitaraua hartuko duten eszenatokiak. Antzerkia, musika, ipuin kontaketa musikatu bat eta UDA areto futbolaren 17. urteurrenerako grabatutako dokumentalaren proiekzioa dira Arkupek eskainiko dituen proposamenetako batzuk. Pandemiaren etenaldiaren ondoren, Otala Zelai Eguna eta Txakolin Eguna berreskuratuko dira.

Arte eszenikoei dagokienez, maiatzaren 8an Xabi Larrea zirkuko aktoreak Pin Pang ikuskizuna eramango du Zaraia aretoko taula gainera. Muntai honetan, Larrea pin pong-eko pilotak manipulatzeko teknika landuaz baliatuko da, malabareak eta magia uztartuz.

Maiatzaren 22an, Eidabe konpainiak Piztu! EmakumeON energia haurrentzako antzezlana aurkeztuko du Herriko plazan. XX. mendeko zientzialari handienetako bat omentzen duen lana da, Marie Curie fisikari poloniarra, hain zuzen. Nobel saria irabazi zuen lehen emakumea izan zen, baita aitorpen hori birritan jaso zuen lehen pertsona ere.

Maiatzaren 12an, UDA areto futbolaren 17. urteurrenaren baitan, Segundu bat bizitza da! dokumentala estreinatuko da. 18an, aldiz, Perli eta Koxkolo bikoteak Bidaia liluragarria ipuin musikatua aurkeztuko du. Aniztasunaren, berdintasunaren eta ekologiaren aldeko lan dibertigarria da, haurren irudimena pizteko eta familia giroan ezin hobe pasatzeko. Ikuskizuna hiru eta zazpi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta izena maiatzaren 9tik aurrera eman beharko da udal liburutegian.

Musika, berriz, Leizarra Musika Eskolak jarriko du. Ikasleek hainbat emanaldi eskainiko dituzte maiatzaren 23, 25, 30 eta 31n. Gainera, hilaren 29rako Leizarra Dantza Taldearen Eguna antolatu dute.

Pirograbatua

Bestalde, hileroko erakusketaren egilea Maria Lasa artista eta tatuatzailea izango da. Egurrean pirograbatuaren teknikarekin egindako lanen bilduma jarriko du ikusgai Arkupen, HI (Sua) izenburupean. Maiatzaren 5etik 31ra arte bisitatu ahal izango da.

Otala Zelaiko erromeria maiatzaren 15ean ospatuko da, Artzain Txakur Txapelketa baino egun bat geroago. Txakolin Eguna ere Aretxabaletako kaleetara bueltatuko da maiatzaren 28an. Getariako Txakolina Jatorrizko izendapena duten sei upategik parte hartuko dute.