Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala

2023/03/08

1975ean Nazio Batuen erakundeak martxoaren 8a Emakumeen* Nazioarteko Eguna izendatu zuen, emakumeen* eskubideen alde feminismoak egindako lana aitortzeko helburuarekin. Honakoak dira mugimendu feministak lortutako eskubideetako batzuk: enplegu eskubidea, independentzia ekonomikoa izateko eta gizartean eta politikan parte hartzeko eskubidea, sufragio eskubidea, bizitza duina izateko eskubidea eta indarkeriarik, esplotaziorik eta gutxiespenik ez jasateko eskubidea, besteak beste.

Gaur egun, oraindik ere, bide luzea gelditzen zaigu berdintasun eraginkorra lortzeko, eta, horregatik, ezinbestekoa da emakumeen* eguna aldarrikatzen jarraitzea. Emakumeek* jasaten duten zapalkuntza egiturazkoa da, eta antolaketa ekonomiko, politiko zein ideologikoan errotuta dago. Oraindik ere, emakumeek* bereizkeria pairatzen dute emakume* izate hutsagatik, eta bereizkeria hori beste batzuekin gurutzatzen da: sexu-orientazioa, klasea, etnia, adina, migrazio-estatusa edo genero-identitatea, besteak beste. Ondorioz, politika feministak zeharkakotasunez garatzea beharrezkoa da sistema patriarkala zartatzeko.

Horregatik, Aretxabaletako Udalak, bere eskumenen esparruaren barruan, honako konpromisoak hartzen ditu: 

  • Aretxabaletako berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak indartzea. Eta, tokiko politiketan generoa zeharkakotasunez txertatzeko, baliabide horiek sendotzea eta babestea.
  • Generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzea, baita Udaleko arloen arteko koordinazioan ere.
  • Aretxabaletako udal langileei zuzendutako berdintasunari eta indarkeria matxistari buruzko barne-prestakuntza burutzea.
  • Aretxabaletako herritarrei zuzendutako sentsibilizazio ekintzak burutzea, gizartea kontzientziatzeko eta emakumeak* ahalduntzeko kanpaina eta programa instituzionalak egitea bermatuz.
  • Berdintasunaren aldeko eta emakumeak* ahalduntzeko neurriak osotasunean garatzen jarraitzea, mugimendu feministaren parte-hartzea bultzatuz eta haien ekarpenak kontuan hartuz.
  • Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen* eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzea, haien beharrak eta eskaerak entzun eta aintzat hartuta; horrela, babeserako, arretarako, erreparaziorako eta berriz ez gertatzeko eskubidea bermatuko duten politika berriak diseinatzeko.

Emakumeen* Nazioarteko Egunaren harira, Udalak hainbat ekintza antolatu ditu hilabetean zehar, eta aurten ere bat egiten du Aretxabaletako Mugimendu Feministak egindako deialdiarekin. Manifestazioa martxoaren 8an izango da, 18:30ean, plazatik irtenda. Herritar orori dei egiten diogu udalerrian antolatutako manifestazioan parte har dezan!