Aretxabaletako San Migel jaietako egitaraua aurkeztu zen atzo
Aretxabaletako San Migel jaietako egitaraua egitaraua aurkeztu zen atzo. Irailaren 25etik 27ra herriak jai-giroa hartuko du, eta hiru egunetan zehar musika, dantza, herri kirolak, txapelketak, bertsolaritza eta herri-bazkaria izango dira, besteak beste. Aurtengo egitarauak, beste urteetan bezala, AI LAKET testing programa eta Gune Morea izango dira Mitartek alean. Berrikuntza bezela aurten, DOKE txapelketarako gune berri bat izango dugu.
Jaiak irailaren 25ean, ostiralean, hasiko dira. Arratsaldeko 18:00etan, Aretxabaletako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak eta herriko gaiteroek kalejira egingo dute. 19:00etan, berriz, Erromerixie Atxabalta izango da, eta 21:00etan Kantu Afaria, Sei Pistols & Trabuko bat taldearekin. Eguraldiaren arabera, azken ekitaldia Herriko plazan edo Iturrigorri frontoian egingo da.
Irailak 26, zapatua, izango da jaietako egun nagusia. Goizean goiz hasiko da egitaraua, Durana kalean egingo den Artisautza, nekazaritza eta bertako ganaduaren XI. Feriarekin, eta aldi berean Diana izango da herriko txistulariekin. 10:30ean, haur eta gaztetxoentzako Bola Txapelketa egingo da bolatokian. Goizean zehar ere izango dira Loramendi elkarteak antolatutako Talo Txosna, Leizarra Musika eta Dantza Eskolako trikitilarien kalejira eta Iturengo joaldunak, Aretxabaletako kaleetan barrena. 12:45ean txalaparta izango da Durana kalean eta, 14:30ean, Elkartasun Bazkaria Iturrigorri frontoian. Arratsaldean, 17:00etan, Ad Libitum txaranga arituko da kaleetan. 18:30ean Xake erakustaldia izango da, eta 19:00etan dantza emanaldiak egingo dira Herriko plazan, Beinke-Loramendi eta Larrin dantza. Gauean, Luhartz taldeak kontzertua eskainiko du Mitarte kalean, 20:00etan. Ondoren, helduentzako Bola Txapelketa izango da bolatokian.
AI LAKET testing programa eta GUNE MOREA
Larunbat gauean, beste urteetan bezala, AI LAKET testing programa izango da Mitarte kalean, 00:00etatik 03:00etara. Aisialdi-guneetan esku hartzeko zerbitzua da, substantzien analisia eta informazio objektiboa eta egiazkoa uztartzen dituena. Programaren helburuen artean daude substantzien kontsumoaren arriskuen inguruan sentsibilizatzea, kontsumo arriskutsuak murrizteko neurriak eskaintzea eta kontsumoaren inguruko hausnarketa sustatzea.
20:00etatik 02:00etara, Gune Morea ere egongo da Mitarte kalean. Indarkeria matxista gure jendartean egunerokotasunean errotuta dagoen errealitatea dugu eta giza eskubideen urraketa garbia da. Alkohola edo bestelako substantzien kontsumoak eta jaiek sortzen duten euforia sentsazioak ez dute jokabide matxistarik sortzen, sarritan desinhibizio edo zaurgarritasun faktore gisa eragiten duten arren. Argi dago jai egunetan indarkeria kasuak areagotu egiten direla, bereziki, eraso sexualak. Badirudi alkoholaren aitzakiapean dena libre dela, eta irain sexista edo lgtbifobikoak, ukituak nahiz eraso larriagoak ohikoak dira jai giroetan. Beste egoera batean aurrera eramaten ez ditugun jarrera batzuk (gaizki ikusiak daudelako, ausartzen ez garelako...), jaietan libreki onartzen ditugula dirudi. Askotan drogen kontsumoa, emakume eta LGTBIAQ+ pertsonen aurkako indarkeria justifikatzeko aitzakia moduan erabili ohi da.
Aretxabaletako Udalak aratusteetan, andramaixetan eta san migeletan gune morea zerbitzua eskaintzen die herritarrei Mitarte kalean kokatzen den karparen bidez. Gune more horrek jai-giroan indarkeria matxistari buruzko sentsibilizazio-, prebentzio- eta artatze-zerbitzua emateko gune segurua eskaintzen du. Zehazki 3 helburu nagusi ditu:
- Sentsibilizazioa eta prebentzioa: Herritarren sexu eta genero aniztasunarekiko begirada aberasten da, era informal batean. Informazioa ematen da harremanak eta indarkeriari buruzkoa (bikote harreman osasuntsuak, maitasun ona, maitasun erromantikoa, berdintasuna, aukerak, genero indarkeria, mikro-matxismoak, komunikazioa, mitoak, jeloskortasuna, kontrola, gatazka konponbideak, etab) eta sexualitateari buruzkoa (plazera, prebentzioa, infekzioak, antisorgailuak, gorputza, erotika...). Horretarako liburuxkak, jostailuak edo antisorgailuak banatzen dira.
- Artatzea: Erasorik balego, espazio seguru bat eskaintzea eta gertakari horiei erantzun azkar bat emateko bitartekoak eskaintzea: laguntza emozionala, informazioa, aholkua eta bideraketa, besteak beste.
- Aholkularitza: herritarrek sexologiaren alorrean izan ditzaketen zalantzei erantzutea. Herritarrek bere sexualitate eta harremanak modu egokian, osasuntsuan eta arduratsuan bizi dezaten, eta edonori sortu ahal zaizkion zailtasun, arazo edota zalantza gainditzen laguntzeko (bikote harremanak, kontrola, jeloskortasuna, erotika, antisorgailuak, plazera, sexualitatearen inguruko zalantzak…)".
Irailak 27, igandea, Dianarekin hasiko da, 11:00etan, Aretxabaletako gaiteroekin. Eguneko berrikuntza nagusietako bat, ordea, DOKE txapelketaren gune berria izango da. Uretzeko lorategian, Aretxabaletako Udalaren eta Basotxoren arteko elkarlanari esker, DOKE jokatzeko eremu berri bat sortu da, eta San Migel jaietan inauguratuko da. 11:30ean egingo da inaugurazioa eta bertan jokatuko da aurtengo DOKE txapelketa. Eguerdian, 13:00etan, Herri Kirolak izango dira Herriko plazan, eta arratsaldean, 16:00etan, Orly tabernak antolatutako Mus Txapelketa egingo da. Jaietako azken hitzordua 19:00etan izango da, San Migeletako kontzertuarekin, Aretxabaletako Abesbatzaren eskutik, elizan.
Aurtengo egitaraua Aretxabaletako Udalaren eta herriko hainbat eragile eta elkarteren elkarlanaren emaitza da. Besteak beste, Basotxo, Leizarra Musika eta Dantza Eskola, Lekaixoka bertso elkartea, Loramendi euskara elkartea eta Orly taberna aritu dira egitarauaren antolaketan.
Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu San Migel jaietan parte hartzera eta egitarauko ekitaldiez gozatzera, jai-giroa, errespetua, zaintza eta elkarbizitza uztartuz.
