Gureak taberna zerbitzua eskaintzen dio Basotxori komentuko lanak amaitu arte

2023/01/05
Establezimenduak -orain arte bezala publiko guztiari irekita jarraitzen du-, deskontuak eskaintzen dizkie Aretxabaletako jubilatuen elkarteko bazkideei.

Basotxo erretiratuen eta pentsiodunen elkarteak eta Gurea tabernak akordio bat sinatu dute, eta, horren bidez, ostalaritza establezimendu horrek Basotxori taberna zerbitzua eskaintzen dio, komentu zaharraren eraikinean adineko pertsonentzako gizarte zentroaren obrak egiten diren bitartean.

Unai Elkoro alkateak nabarmendu duenez, Udala lanean aritu da “adineko pertsonei alternatiba bat eskaintzeko, egoitza berrian taberna erabiltzeko aukera izan arte”. Alkateak eskerrak eman dizkio Gurea tabernako jabeari, Jon Kepa Zubillagari, bere establezimendua “herriko jubilatuen eskura jarri duelako”. Horrela, aste honetatik aurrera Basotxoko bazkideek (900 baino gehiago) %25eko deskontua dute kontsumizioetan. Horretarako, bazkide txartela erakutsi behar dute.

Udalak Basotxo elkarteari ematen dion laguntzaren zenbatekoa handitu egin du, kontsumizioen prezioaren murrizketa horren kostua estaltzeko.

Komentu zaharraren beheko solairuko obrak azaroan hasi ziren. Aurreikuspenak betetzen badira, Basotxoren egoitza berria urte honen amaierarako prest egongo da, baita mendekotasun txikia duten adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua, eta kaperako erabilera anitzeko gela ere; horiek ere Udal Gobernuak Santa Rita komentua izandakoan abian jarri duen proiektuaren fase honetan sartzen baitira.

Gainera, egoitza berria egokitu arte, Basotxok Zainduz gimnasioa izandako lokalean ditu bulegoak. Espazio honetan Udalak hainbat obra egingo ditu elkarteari leku gehiago emateko, bere jarduerak erosoago garatu ahal izateko helburarekin.