Magiak kaleak eta Arkupe hartuko ditu irailaren 14tik 17ra

2022/09/08
Ikuskizunak eta tailerrak izango dira Asier Kidam, David Blanco eta Gisell-en eskutik.

Kaleak eta Zaraia aretoa magiaz beteko dira irailaren 14tik 17ra bitartean. Publiko guztiei zuzendutako ikuskizunak eta tailerrak izango dira Asier Kidam, David Blanco eta Gisell magoen eskutik.
Hiru mago horien trikimailuak GSR zaharren egoitzara iritsiko dira lehenik, hilaren 14an, 17:00etatik aurrera. Ondoren, 19.00etan hasita, kalez kale arituko dira. Irailaren 15ean, aldiz, Bartzelonan bizi den Gisell mago perutarrak Arkupeko Zaraia aretoko taula gainean Sueños de una maga ikuskizuna taularatuko du (18:30ean; hiru euro). Agertoki berean, hilaren 16an, Asier Kidam gasteiztarrak bi tailer gidatuko ditu zazpi eta hamar urte bitarteko haurrentzat, 15:00etatik aurrera, eta adin horretatik gorakoentzat (16:15ean). Jarraian, 19:00etan, magia saioa eskainiko du oholtza gainean (hiru euro).

Magiaren Astea David Blancok hilaren 17an Herriko plazan aurkeztuko duen emanaldiarekin amaituko da (18:30ean).

Gisell:

Gisell ezaguna da tokiko eta nazioarteko ingurunean bere performanceengatik, non bere originaltasuna, teatraltasuna, aldakortasuna eta emozioa nabarmentzen diren. Gabi Pareras maisuarekin hurbileko magian espezializatu da. International Magicians Society elkarteak aintzatespena eman dio bere performance original eta hunkigarriagatik.

Asier Kidam:

Gasteizen jaioa, 1984. urtean. 7 urte zituela hasi zen magiarekin interesatzen, mago batek txanpon bat atera zionean belarritik; hiru urte geroago debutatu zuen mago gisa. Geroztik, izugarri gozatu du eszenatoki gainean egin dituen 2.500tik gora emanaldietan.

Sarrera proba egin ondoren, 17 urterekin Espainiako Ilusionismo Elkartean sartu zen, eta 19rekin bizibide bihurtu zuen bere pasioa. Gaur egun artista egoiliarra da Paraiso Antzerkiaren KunArte sormen zentroan, Eusko Jaurlaritzak eta Europar Batasunak lagundutako ekimena dena.

David Blanco:

Ilusionista izateaz gain, zuzendari eta produktorea da. Pertsonaia famatuen aurrean magia lanak egin ditu, hala nola, Mick Jagger, Gordon Ramsay, El Rubius eta Tailandiako printzesa. Londreseko Magic Circle Magia klubeko partaidea da.

EGITARAUA