Aretxabaletako merkataritzak adineko pertsonekiko adeitasuna indartzeko konpromisoa hartu du

2023/02/23
Aretxarteko denda eta ostalaritza lokalek bat egingo dute 'Establezimendu lagunkoiak' ekimenarekin. Konpromiso eta jarraibide erraz batzuk hartzen dituzte beren gain, adinekoen arretan hurbiltasuna erakusteko. Kanpaina Euskadi Lagunkoiaren barruan kokatzen da. Aretxabaleta sare horren parte da, Basotxoko lantaldearen bitartez.

Aretxarte elkartea osatzen duten denda, zerbitzu eta ostalaritzako lokalek bat egin dute Merkataritza Lagunkoia proiektuarekin, herriko adinekoentzako erosketa-esperientzia atsegina eta lagunkoia eskaintzen duten establezimenduen sarea sortzeko helburuarekin.

Aretxabaleta Euskadi Lagunkoia sarean sartu zenetik garatzen ari diren ekintzen barruan, Basotxo erretiratu eta pentsiodunen Elkarteak sortutako lantaldeak hainbat ekimen burutu ditu. Azkenekoen artean, tokiko merkataritzan jarri dute arreta.

 “Adineko pertsonak saltoki txikietara joaten dira eta zerbitzu ona beraien fideltasunarekin saritzen dute. Hori dela eta, hurbiltasuneko merkataritza funtsezko aliatua da aretxabaletar nagusientzako, euren bizitza apur bat errazagoa egingo dieten ingurune lagunkoiak aurkitzeko, erosketan laguntza eskaini eta harreman sozialetan katalizatzaile izateaz gain”, adierazi du Karmele Uribarri Gizartegintzako zinegotziak. Udalak Aretxabaleta Lagunkoia plataforma babestu du 2012an martxan jarri zenetik, kolektiboaren beharrei erantzungo dien udalerri baten alde lan egiteko.

Bere hausnarketan, Aretxabaleta Lagunkoiak tokiko merkataritza eta ostalaritza defendatzen ditu, herriari bizia ematen dioten, harreman sozialak errazten dituzten eta babes eta segurtasun sentsazioa ematen duten motorrak direlako. Bere bertuteak nabarmentzeaz gain, adineko pertsona batek erosketak egin behar dituenean zailtasunak izan ditzaketen lau egoerei erreparatzen diete: mugikortasuna galtzea, ikusmena eta entzumena murriztea, eta narriadura kognitiboa.

Horrela, hainbat keinu egin daitezke kolektiboaren eguneroko bizitza erosoagoa izan dadin: aulki bat jarri erosketak egiteko txanda iristen den bitartean, establezimenduan sartzea erraztu, kontraste-zaratak saihestu (musika altua, haizagailuak), produktuak letra handiekin etiketatu edo handitzeko betaurrekoak eskaini, pazientzia erakutsiz eta mezua errepikatuz behar den guztietan.

Merkataritza lagunkoiaren bereizgarria

Aretxarteko 34 dendek eta 13 ostalaritza lokalek Establezimendu Lagunkoien zigilua erakutsiko dute, pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetuko duten praktika errazak egiteko konpromisoaren erakusgarri. Kanpaina honen helburua zahartzen ari den gizartean negozio txikiak ikusaraztea eta horiei balioa ematea da, bezeroen beharretara egokituz, eta, bereziki, adineko pertsonek beraien bizitza garatzen jarrai dezaten, horrela ohiko ingurunean ahalik eta denbora luzeenean euren autonomia mantenduz.