Aretxabaletak mugikortasun hobekuntzak abiatuko ditu abuztuan zehar Araba ibilibidean, Belorrietan, Txarapean eta Santakurtz hasieran

2026/07/29

Aretxabaletako Udalak herriko mugikortasun eredua hobetzeko esku-hartze sorta bat abiatuko du abuztuan zehar. Belorrieta, Araba Ibilbidea eta Andra Mari kaleak izango dira esku-hartze nagusien eremua, eta horiez gain, Basabeazpi kaleko goi aldea itxi egingo da herritarron segurtasuna bermatzeko.

Horrez gain hobekuntzak egingo dira Azbe rotonda ondoan dagoen Santakurtz hasierako gurutzea eta Txarapeako zebrabide batzuetan.

Udalak egingo dituen ekintza guztiak Mugikortasun Planean jasotzen diren jarduketak dira, parte hartze prozesu zabal baten ondoren eta datu bilketa zehatza egin ondoren erabakitakoak. Abuztuan egingo diren jarduketak behin-behinekoak izango dira, eta lortu nahi diren helburuak betetzen badira, behin-betikotuko dira, datu objektiboetan oinarrituta.

Esku-hartzeen artean, 15 zebrabide hobetuko dira oinezkoen segurtasuna eta ikusgarritasuna handitzeko. Era berean, 44 aparkaleku sortuko dira galtzen direnak konpentsatzeko, bizilagunen eta merkatarien beharrei erantzunez. Bizikleta erabilera sustatzeko, Mitarte kaletik Kiroldegiraino 500 metroko luzeran bizikletarentzako lehentasunezko erraila ezarriko da, bi norazkotan.

Araba ibilbidean egingo den aldaketa nabarmenena Iralabarri parean izango da, zati hori, norabide bakarreko bidea bihurtzen baita. Horrek, Belorrieta auzoan sartzen den U formako bidea oinezkotuko da eta bertan dauden aparkalekuak Araba ibilbidean jarriko dira. Horrez gain, Belorrieta eta Iralabarri lotzen duen zebrabide berri bat sortuko da, herritar askok eskatu duten moduan.

Araba ibilbidea, Loramendi eta Bañuetxe poligonoa lotzen duen gurutzean ere aldaketak planteatzen dira oinezkoen ibilbideak motzagoak egin eta kotxeen segurtasuna hobetzeko. Horrekin batera Araba ibilbideko beste gurutze eta zebrabideetan bisibilitatea eta segurtasuna handituko dira.

Basabeazpiko igoerari dagokionez, bide horrek ez luke irteera edukiko goikaldean, bertako zebrabidea kotxeentzako itxita egongo baita. Beraz, sartu irtena behealdetik izango litzateke, aparkalekuan sartu edo/eta aparkatzeko.

Belorrietako bideari dagokionez (Pausoka parekoa), norabide bakarrekoa ere bihurtzen da, goranzko zentzuan. Gaur egun ere, trafikoaren %6 bakarrik joaten da beheranzko zentzuan. Horrekin, aparkaleku berriak sortzeko aukera dago eta zig-zag bat sortzeko ere: abiadura murrizteko helburuarekin.

Txarapean, 3 gurutze ezberdinetan estu uneak sortuko dira abiadura murrizteko.
Udalak azpimarratu nahi du esku-hartze hauek hiru helburu nagusiri erantzuten dietela: segurtasuna irabaztea, Aretxabaleta osasuntsuagoa izatea eta Aretxabaleta bizigarriagoa izatea, oinezkoentzat, bizikletentzat eta ibilgailuentzat.