Biblioporrak gidak 25 urte

2019/06/18

Biblioporrak 2019 gida

25 urte bete ditugu, bai, Biblioporrak gida egiten.

1994 hartan hona iritsiko ginela esan izan baligute, ez genukeen sinetsiko. Gaur ere zazpi herrietako liburutegiek hemen jarraitzen dugu literaturaz gozatzen eta gure zerbitzuak herritarrei hurbiltzen. Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Legazpi eta Oñatiko udal liburutegiak taldean bat eginda aritzen gara. Bidea ibilian egiten da, eta liburutegiak ez gaude geldi.

Jakinda kanon idealik ez dagoela, ados jartzeko ahalegina egiten dugu liburu, musika eta film berri eta ugarien artean zuretzat onak aukeratzeko, proiektu hau indartu guran.

Horren fruitua da Biblioporrak oraingoan eraberrituta datorrela, eta tokia duela gomendio gehiago jartzeko. Gida honek ehundik gora proposamen dakartza, lagunduko dutenak edozein adin, ohitura eta zaletasun duten pertsonen irrika asebetetzen. Berriak bezain interesgarriak diren produktuak daude, adinka sailkatuak, eta baita gaurkotasuna galdu ez duten liburuak ere, 25 urte hauetako gidetatik berreskuratu ditugunak, irakurketa ahaztezinak, alegia.

Liburutegiek harreman posibleak eraikitzen dituzte pertsonen eta testuen artean, eta horren haritik gure bildumetako fondoek zuen parte hartzea behar dute, eskurik esku dabiltzanean baitaude bizirik.

Hementxe duzu aukera. Begi belarrietatik goza itzazu atondu ditugun edukiak; guk bitartean, urte askotarako zure ondoan jarraitu nahi dugu. Horra hor gure oparia!